Donostialdea

Gipuzkoako IE-ko eskualdea, Urumea ibaiaren behealdeko arroan, itsasaldean; 189 km2, 315.877 bizt. eta hamaika udalerri: Andoain, Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Urnieta eta Usurbil. Gipuzkoako eskualderik populatuena da. Klima ozeanikoa du: epela eta hezea urte osoan. Ez dago mendi handirik, Adarra (817 m) eta Aiako Harria (806, 821 eta 832 m-ko tontorrak) dira altuenak. Urumea eta Oiartzun dira ibai nagusiak. Garraiabide-sare ona du: autopista, errepide nagusiak, trenbidea eta itsas portuak. Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza bigarren mailako jarduerak dira eta hiriguneetako kontsumoari begira ustiatzen dira. Arrantza, batez ere, Pasaian alturakoa eta Donostian baxurakoa. Industria da jarduera garrantzitsuena (kimikoa, elikagai-industria, metalurgia, zurgintza eta ehungintza); Pasaia, Donostia, Hernani, Lasarte-Oria, Andoain eta Errenteria inguruetan. Merkataritza-guneak Donostian eta Pasaiako portuan. Turismoak garrantzi handia du, batez ere Donostian. Gipuzkoako hbru. bertan izanik, administrazio, hezkuntza, osasun, merkataritza eta aisiarako zerbitzu nagusiak eskualde honetan daude.



Atzera