elikagai

iz. Elikatzeko baliagarri den edozein substantzia.
Izaki bizidunak autotrofoak eta heterotrofoak dira. Lehenengoek beren zereginetan eguzkitiko energia erabiltzen dute eta beren elikagaiak oso sinpleak dira, hala nola ura, karbono(IV) oxidoa eta gatz mineralak. Bigarren multzokoek elikagaietatik atera behar dute energia; hauei esker energia lortzen dute hiru funtzio nagusi bete ahal izateko: gorputzeko tenperatura konstante mantentzeko, funtzio fisiologikoak burutzeko eta lan fisikoa egiteko.
Organismoak elikagaia oxigenoz erretzen du, energia sortuz. Azukreak, proteinek eta batez ere koipeek betetzen dute funtzio hori. Hala ere, erreakzio biokimikoak gauzatzeko behar-beharrezkoa da hainbat substantzia katalizatzaile kantitate baxuetan hartzea, esate baterako, bitaminak, aminoazidoak eta gatz eta ioi batzuk. Oso gutxitan betetzen ditu janari bakar batek funtzio hauek (lehen hilabeteetan amaren esneak izan ezik), eta horrexegatik denetarik jan behar dela esaten da; hau da elikadurak orekatua izan behar duela.
Elikagaiek beren baitan hainbat osagai komun dituzte: ura, gatz mineralak, azukreak, koipeak, proteinak, bitaminak.
Ura substantzia arrunta baina nahitaezkoa da; esaterako, gizakiaren gorputzaren pisuaren % 60 ura da. Substantzia energetikoa edo kalorifikoa ez izan arren, bere zereginak oinarri-oinarrizkoak dira (disolbatzailea, bero-ahalmena eta funtzio termostatikoa, etab.). Edari, salda, fruta eta beste zenbait elikagairen bidez 2-3 litro ur sartzen dugu egunero gorputzean.
Gatz mineralek ere ez dute helburu energetikorik, baina ura bezala derrigorrezkoak dira. Esate baterako, fosfato-ioiak, kaltzio-ioiak eta beste batzuek hezurretako sarea osatzen dute. Beste batzuk, hala nola potasio-ioia, sodio-ioia eta kloruroak, presio osmotikoaren erregulatzaile dira. Beste batzuk, oligoelementu deiturikoak alegia, katalizatzaile dira. Gatz mineralak hainbat bidetatik sartzen dira gure gorputzera; gehienbat ur, esne eta beste elikagaien bidez.
Azukreak dira, zalantzarik gabe, energi iturri garrantzitsuenak; eta guztietan azpimarragarriena almidoia. Kultura desberdinek iturri desberdinetatik lortzen dute almidoia, hala nola ogiaren bidez Mediterraneo aldean, arrozaren bidez Ekialdean, patataren bidez Iparraldean eta artoa eta gaztainaren bidez antzinako Euskal Herrian. Almidoiaz gain glukogenoa hartzen da haragia jatean eta beste azukre sinpleak (glukosa, fruktosa, sakarosa, etab.) frutetan edota gozokietan. Beste azukre interesgarri bat zelulosa da, landareen zeluletako hormak osatzen dituena. Gizakiak ezin du azukre hau digeritu, entzima egokirik ez daukalako. Hala ere, ez da alferrikako substantzia; zuntz asko baitauka eta hau gorotza ondo kanporatzeko oso lagungarria baita.
Elikagai askok koipea daukate, hala nola arrautzek, okelak, esneak eta esnekiek, arrain urdin deiturikoek, etab.ek. Honetan oso aberatsak dira gurina, olioa eta gazta. Kulturaren arabera koipeak oso proportzio desberdinetan jaten dira eguneroko otorduetan.
Giza gorputzean proteina hidrolizatuak aminoazido bihurtzen dira. 20 aminoazido dira proteinen oinarrizko konposatuak; horietatik 10 beharrezkoak dira eta beste hamarrak lehenengo multzokoekin sintetiza daitezke. Elikagai gisa, proteinen balioak bi faktorerekiko menpekotasuna dauka: digestiogarritasunarekiko eta aminoazidoen edukiarekiko. Esate baterako, ileen keratinak aminoazido guztiak dauzka, baina digestioezina da. Ikuspuntu energetikotik begiratuta, azukreak eta proteinak baliokideak dira.
Zelula bizi guztien osagai dira DNA eta RNA deituriko azido nukleikoak, azido fosforiko eta base nitrogenatuez osatuak. Animaliak edota landareak izan daitezke beren jatorri. Oso proportzio txikitan daude zeluletan, eta horregatik batzuetan ez dira aipatu ere egiten.
Bitaminak molekula organikoak dira, eta gure gorputzak ezin ditu sintetizatu. Beharrezkoak dira hazteko, ugaltzeko eta abarretarako. Gehienak koentzimak sintetizatzeko erabiltzen dira. Bitamina batzuk uretan disolbagarriak dira (C, B) eta beste batzuk liposolugarriak.
Elikagaietatik energia ateratzen da eta oxidazio-prozesua gertatzen da (erregaia erretzean bezalaxe). Energia hori ez da bat-batean askatzen, hau da, urrats bateko prozesuan askatu beharrean, oso bide biologiko luzea eta korapilotsua gertatzen da: katabolismoa.
Askaturiko energiaren zati handi bat ATP sintetizatzeko erabiltzen da, beste zati bat lana gauzatzeko eta soberan dagoena metatu egiten da.




Atzera