entzima
iz. Erreakzio biokimiko gehienak katalizatzen dituzten molekula proteikoetako bakoitza. Entzima bakoitza erreakzio jakin baterako edo erreakzio-multzo baterako espezifikoa da.
Zelula bizidunek eratzen dituzten proteina katalizatzaileak dira entzimak; zelula barruko milaka erreakzio kimikoren abiadura eta espezifikotasuna erregulatzen dute. Entzimek erregulatutako erreakzioak ezinbestekoak dira bizi-fenomeno guztietarako: arnasketa, hazkuntza, fotosintesia, nitrogenoa finkatzea, digestioa, etab.
Konposaketa molekularraren arabera bi entzima-mota bereizten dira: proteina hutsak direnak eta bi atalez eratuak daudenak; azken hauetan entzimaren zati bat proteikoa izaten da (apoentzima) eta beste zatia ez-proteikoa -ioi metalikoa (aktibatzailea) edo molekula organiko konplexua (.koentzima.) izan daitekeena-.
Erreakzio entzimatiko guztietan, entzimak substratuarekin elkartzen dira, eraldatu egiten dituzte eta substratutik askatzen da berehala, beste substratu batekin lotzeko prest. Entzimen eragina, zenbait faktoreri baldintzatua dago, hala nola, tenperatura, pH-a, substratu-kontzentrazioa, aktibatzailea, inhibitzailea, etab.
Entzima bakoitza erreakzio jakin baterako edo erreakzio-multzo baterako espezifikoa da. Betetzen duten funtzioaren arabera honela sailkatzen dira: oxidorreduktasak, transferasak, hidrolasak, liasak, isomerasak eta ligasak.
Entzimek aplikazio asko dituzte medikuntzan eta biokimikan, detergenteen konposizioan sartzen dira eta edarigintzan (garagardo, ardo, etab.ean) ere erabiltzen dira.
Atzera