sodio

iz. KIM. Zenbaki atomikoa 11 eta pisu atomikoa 22,98 duen elementu kimikoa (Na).
Sodioa metal alkalino, zuri eta biguna da, baina airean erraz oxidatzen da eta kolore iluna hartzen du (horregatik hutsean itxitako ontzietan, edota baselina zein bestelako hidrokarburorekin gordetzen da). Oso erreaktiboa da eta urarekin bortizki erreakzionatzen du; ur hotza deskonposatu egiten du, sosa eratuz eta hidrogenoa eta bero handia askatuz. 98 ºC-tan urtzen da, 893 ºC-tan irakiten du eta 0,97 g/cm3-ko dentsitatea du. Oso elementu ugaria da naturan; sodio kloruro (gatz arrunt) moduan aurkitzen da nagusiki, eta mineral ugariren osagaia ere bada.
Sosaren eta sodio kloruroaren elektrolisiz lortzen da eta prozesu industrial askotan erabiltzen da: metalurgian, industria kimikoan eta botikagintzan nagusiki. Beroaren eta elektrizitatearen oso eroale ona izateaz gain, erreduzitzaile eta katalizatzaile ona ere bada. Sodio-lurrinezko deskarga-lanparek argi horiz argiztatzeko balio dute.




Atzera