metalurgia
iz. Mineraletatik metalak erauzi, findu eta erabiltzeko prestatzeaz eta metalen egitura eta propietateak aztertzeaz arduratzen den zientzia eta teknologia; metalen industria.
Duela gutxi arte minerala landuz metalak lortzea izan da metalurgiaren arlo garrantzitsuena. Gaur egun, aldiz, arlo hori bigarren mailan gelditu da eta metalen eta aleazio metalikoen propietateak hobetzea eta aplikazio berriak bilatzea da helburu nagusia. Horrela, prozedura berriei esker (hautsen teknologia, solidotze azkarrak, etab.), azken urte hauetan aleazio berriak lortu dira. Era berean, metalen solidotze- eta konformazio-teknologiak eta tratamendu termomekanikoak gero eta gehiago ari dira lantzen eta hobetzen. Batzuetan, helburua propietateak hobetzea da eta, besteetan, produktibitatea igotzea eta produktuen kostua jaistea. Gainera, beste material batzuen (polimeroak, konpositeak, zeramikak) erabilpena areagotzen ari denez, une honetan metalurgia materialen zientziaren adar gisa har daiteke; metalen zein material berrien prozesuak eta teknologiak komunak dira askotan.
Atzera