aleazio

iz. KIM. Bi elementu kimikoz edo gehiagoz konposatutako nahastea, haietakoren bat metala izanik eta konposatuak ere izaera metalikoa duelarik. Aleazioa, oro har, bi metal edo gehiago urtuz lortzen da. Aleazioen helburua metalen propietateak hobetzea da. Arruntenak burdinazkoak (altzairuak), kobrezkoak (brontzea eta letoia), berunezkoak, nikelezkoak, kromozkoak eta aluminiozkoak (duraluminioa) dira. Aleazio arinek aluminioa edo magnesioa dituzte oinarri.
Aleazioek aplikazio praktikorako propietate eta ezaugarri fisiko hobeak dituzte berak osatzen dituzten osagaiek baino eta horregatik teknologian asko erabiltzen dira. Aleazioak egiteko prozedurarik arruntena urtze-punturik handieneko metala urtzea da, ondoren gainerakoak erantsiz. Hala ere, ordena hori aldatu egin daiteke eta osagaiak batera ere urtu daitezke. Aleazioak egiteko arragoak erabiltzen dira, baina aleazio-kantitate handiak behar direnean labe elektrikoak erabiltzen dira. Ia elementu kimiko guztiek har dezakete parte aleazioetan. Beraz, teorian osagai biko 5.000 aleazio inguru (aleazio bitarrak) eta hiru osagaiko 100.000 inguru (aleazio hirutarrak) egin litezke.
Aleazioen propietateak ez dira haien osagaien propietateen batez bestekoaren mailakoak. Aleazioaren urtze-puntua haren osagai diren metal hutsena baino txikiagoa da beti.
Aleazioak bi multzo handitan sailkatzen dira: burdinazkoak eta ez-burdinazkoak. Lehenengoetan altzairuak dira garrantzitsuenak. Aleazio ez-burdinazkoen artean erabilienak aluminio-aleazioak (aleazio arinak), titanio-aleazioak, nikel- eta kobalto-aleazioak (superaleazioak), magnesio-aleazioak, letoia (zink eta kobrea), brontzea (kobre eta eztainua), alpaka (kobre, nikel eta zinka) eta metal preziatuez egindakoak dira; azken hauek bitxigintzan barra-barra erabiltzen dira. Adibidez, urrea beste hainbat metalekin aleatzen da higaduraren aurka babesteko.




Atzera