Hanibal

Jeneral eta politikari kartagoarra (?, K.a. 247 - Bitinia, 183), Hamilkar Barkaren semea. Hamazazpi urtez borrokatu zen Erromaren kontra. Hispaniako erdialdeko lurraldeak hartu (221-219) eta Sagunton sartu zenean (219), bigarren Gerra Punikoa hasi zen. Pirinioak eta Alpeak zeharkatu eta garaipen handiak lortu zituen Tesino, Trebia (218), Trasimeno (217) eta Cannasen (216), baina Erroman sartzeko asmoa baztertu egin behar izan zuen (211). Eszipion Afrikarrak gerra Afrikara eraman eta Zamako guduan (202) garaitu zuen Hanibal, eta erromatarren baldintzak onartzera behartu. Ekialdean erbesteratuta zegoela, pozoitu eta bere buruaz beste egin zuen, erromatarrek harrapa ez zezaten.



Atzera