garaipen
iz. Garaitzeko ekintza eta horren ondorioa; gerra, borroka, lehiaketa edo joko batean, etsai edo aurkakoarekiko hartzen den nagusitasuna. Lepantoko garaipena. Askatuak-ek lortu zuen atzoko garaipena.
ARKIT. Igarobide gisa dago pentsatua eta diseinatua normalean garaipen-arkua, gehienetan prozesio zibil edo militar handietarako prestaturiko bide zabalaren erpinean kokatua. Arku batekoa nahiz gehiagokoa izan daiteke (adibidez, hirukoa: nagusia erdian eta txikiago bana alboetan). Horien gaineko egitura (atikoa) edota horiei eusten dieten pilastrak eskulturazko formez eta zizeldutako idazkunez jantzita egon ohi dira, sarritan arkuaren oroitzapeneko gertakaria edo pertsonaiaren ekintzak kontatuz, irudiz nahiz idatziz. Atikoaren gainean askotan estatuak jarri ohi dira.
Arkitekturaren aldetik autonomoa izan ohi da garaipen-arkua eta ez da nahasi behar garaile zetorren printze edo gidari militarra eta armada hirira sartzen zireneko harresiko ate nagusiarekin. Horietako batzuek zutik diraute, nahiz eta gainerako harresia erorita egon. Madrilgo Alcaláko Atea eta Toledoko Atea hiriko ateak ziren, gerora monumentu gisa geratu direnak. Berlingo Brandenburgeko Atea ere hiriko ate gisa eraikia izan zen eta garaipen-arkuaren esanahia hartu zuen atikoaren gaineko Garaipen Koadriga eskultura ipintzean.
Erromako antzinako Errepublika eta Inperioko garaipen-arkuak dira horrelako monumentuen jatorria. Sarritan, Errenazimentutik aurrera egindakoek haiek imitatu zituzten, erromatar arku-estiloa erabiliz gainera. Erromatar inperioaren garaian horrelako monumentu asko eraiki zituzten: K.o. IV. mendearen hasieran 36 garaipen-arku ziren nonbait Erromako hirian. Horietako gutxi batzuek gainditu dituzte onik historiako gorabeherak: Titorenak (K.o. 81, Jerusalemgo garaipena gogoratzen duenak), Septimio Severorenak (203-205, partiarren aurkako garaipenaren oroitzapenetan eraikitakoak) eta Konstatinorenak (312). Erromatik kanpo ere aurkitzen dira Inperio garaiko arkuak: Orange, Mérida, Aosta, Rimini, Ancona, Tripoli, etab.en.
Garaipen-arku modernoen artean aipatzekoak dira Londresko Marble Arch (1828) eta Hyde Park Corner-ekoa (1828), New York-eko Washington-ena (1893) eta Parisko Charles de Gaulle plazakoa (1836). Azken hau Chalgrin-en planoen arabera eraiki zuten eta Rude, Pradier eta Cortot-en eskulturez hornitua dago; Errepublikako eta Inperioko jeneralen izenak daude idatzita bertan eta arkuaren azpian soldadu ezezagunaren oroimenez eraikitako hilobia dago.
Atzera