Maitia

Zuberoako familia, jatorriz Maulekoa (XVI-XVII. m.). Familiako kide batzuk Oloroeko apezpiku izan ziren. - Arnaud I.a (Maule, 1559 - Oloroe, 1623). Oloroeko bikario izendatu zuten (1595). Protestanteen etsai amorratua zen; hauek Arnaud hiltzen saiatu ziren bitan, baina ez zuten lortu. Oloroeko apezpiku egin zuten (1598). Erregearen laguntzaz, Biarnon kalbindarren eragina murrizten eta katolizismoa indartzen saiatu zen. Mauleko Maitia jauregia eraiki zuen. - Arnaud II.a (? - Oloroe, 1646), aurrekoaren iloba. Osaba hildakoan Oloroeko apezpiku egin zuten (1623) eta Erreformaren aurka gogor aritu zen. - Arnaud-François (Maule, 1617 - Oloroe, 1681), Arnaud II.aren iloba. Oloroeko apezpiku egin zuten (1659). Matalasen altxamendua baretzen saiatu zen (1661); Matalasekin hitz egin eta matxinatuek Maule ez erretzea eta hiritik alde egitea lortu zuen. Erregearen armadak Matalas hil eta beste buruzagiak atxilotu zituenean, erregeak matxinatuei zigorrik ez ezartzea eta barkatzea lortu zuen.



Atzera