Sorozabal Mariezkurrena, Pablo
Konpositore eta orkestra-zuzendari gipuzkoarra (Donostia, 1897 - Madril, 1988). Donostian egin zituen biolin eta pianoko musika-ikasketak; Orfeoi Donostiarrean Usandizaga ezagutu zuen; La llama opera amaitu gabe zuela hil zen Usandizaga eta Sorozabalek amaitu zuen. Madrilgo Orkestra Filarmonikoan biolin-jotzailea izan zen (1918). Leipzig-en konposizioa eta zuzendaritza ikasi zituen (1920); Berlinen orkestra-zuzendari gisa debutatu zuen (1923). Alemanian lan sinfonikoak konposatu zituen (Capricho español, 1920; Suite vasca, 1923; Dos apuntes vascos, 1925). Alemaniatik itzulitakoan, zartzuela-mundua aldatu eta berrituko zuten zartzuelak idatzi zituen eta ospe handia lortu zuen (Katiuska, 1931; La del manojo de rosas, 1934; La tabernera del puerto, 1936; La eterna canción, 1945; Las de Ca'n, 1958). Madrilgo Orkestra Filarmonikoko zuzendaria izan zen (1945-52). Zartzuelez gainera, opera bat (Juan José), filmetarako musika, euskal abesti herrikoiak (Maitetxu; Baserritarrak; Gabiltzan kalez kale; Ku-ku) eta orkestrarako lanak (Suite vasca, 1923) ere idatzi zituen.
Atzera