Zangozako Santa Maria
Zangozako errege-eliza, Aragoi ibaiko zubi bazterrean. Aipamen zaharrena Alfontso I.a Borrokalariak San Joan Jerusalemgoaren Ordenari kapera eta errege-jauregia eman zizkionekoa da (1131). Ordukoa da hiru abside erdizirkularreko burualde erromanikoa. XII. m.an estilo protogotiko edo zistertarrari jarraituz osatu zen; gorputz nagusia XIII. m.an egin zen, eta hiru gorputzeko dorrea, almenak eta orratza, XIV.ean, estilo gotikoan. Elizak portada erromanikoa du ikusgarriena: goiko gorputzean Kristo erregea eta apostoluen irudiak daude; behekoan hiru zutabe-estatua bikotetan oinarritzen diren arkiboltak; zutabeetan ezkerretara hiru Mariak eta eskuinetara San Pedro, San Paulo eta San Judas urkatua daude. Arkiboltetan garaiko bizimoduaren berri ematen da: soldaduak, klerikoak, herritarrak, artisauak, etab. Tinpanoan Azken Judizioko Kristoa da irudi nagusia; dintelean Ama Birjina, inguruan apostoluak dituela. Itun Zahar eta Berriko eszenak eta gai profanoak ere ageri dira, batzuk urruneko kulturetakoak, Europako I-ko elezaharretakoak adibidez (Sigurd, Regin, Fafne). Erretaula nagusia platereskoa da (1550-70) eta Rocamadorko Ama Birjinaren irudia du erdian, zilarrez bilduriko taila gotikoa (1280-1300). Monumentu izendatuta dago (1889).
Atzera