abdomen

iz. 1. Ornodunetan, bere baitan digestio-organoak dauzkan gorputz-barrunbearen zatia. 2. Artropodo eta zenbait anelidotan, gorputzaren atzealdea, torax edo zefalotoraxaren atzean dagoena.
Ornogabeetan abdomena artropodo (miriapodoetan ezik) eta zenbait anelidotan dago ongi bereiztua.
Ornodun guztiek dituzte gutxienez hiru gorputz-atal: burua, gorputz-enborra (barrunbe batez osatua) eta isatsa. Hauetatik ugaztunek bakarrik dute enborra bi barrunbetan banatua: barrunbe torazikoa (bihotza, birikak eta hestegorria) eta barrunbe abdominala (gibela, area, barea, giltzurrunak eta maskuria; emeetan umetokia ere bai). Goialdean barrunbe torazikotik diafragmak (zeharkako muskulu planoa) bereizita dago eta behealdean barrunbe pelbikoa du. Barrunbearen pareta eta barrunbeko organo eta egitura guztiak peritoneo izeneko mintzak inguratu eta babestuta daude. Biszera eta barrunbeko paretaren arteko konexio bidez organoak finkatu egiten ditu. Peritonitis, jatorri desberdina izan dezakeen peritoneoaren hanturazko gaixotasuna da.
Abdomena bederatzi zatitan bana daiteke: goialdean, ezkerreko hipokondrioa, epigastrioa eta eskuineko hipokondrioa. Erdian, ezkerreko hutsunea, mesogastrioa eta eskuineko hutsunea. Behealdean, ezkerreko alde iliakoa, hipogastrioa eta eskuineko alde iliakoa. Ornodunen abdomena toraxaren azpian eta diafragmak bereizita dago, bizkarrezurraren aldetik izan ezik, muskuluz inguratuta dagoelarik. Bertan, digestio-aparatuaren zatirik handiena, gibela, area, barea, giltzurrunak eta maskuria daude, eta emeetan umetokia ere bai. Horietako gehienak peritoneo izeneko mintzak inguratu eta babestuta daude.




Atzera