armagintza

iz. Armak egiteko lanbidea; arma-industria. Eibarko armagintza.
Euskal Herrian armagintzak garrantzi handia izan du antzinatik. Ehizarako eta defentsarako aspaldi ekin zioten euskaldunek armagintzari. Historiaurreko harrizko armak, aizkorak adibidez, Euskal Herriko leku desberdinetan aurkitu dira. Metal-Aroan ere armak, hala nola mailu, aizkora, lantzak, etab., egin ziren. Garai hartako kobre eta brontzezko arma gutxi aurkitu da; ugariagoak dira ordea Burdin Arokoak. Erromatarrak bertaratu zirenean euskaldunek arma arinak egiten zituzten, ezpatak batez ere. Erdi Aroko euskal burdinoletan arma eta armadura asko egin ziren kanpoan saltzeko. Arrasate, Bilbo eta Tolosako ezpatek sona handia zuten. Eugin eta Urizaharran armadurak egiten ziren eta geziak Gasteizen. XV. mendean Gaztelako erresumak Gipuzkoa eta Bizkaian egindako armaz hornitzen zuen bere armada. XV. mendetik aurrera arma zuriez gainera su-armak egiten hasi ziren, burdinazko bonbardak hasieran eta brontzezkoak, kulebrinak, XVI. mendetik aurrera. Ermua, Elgoibar, Soraluze eta Eibarren arkabuz eta mosketeak egin ziren. Altzolan ontziratzen zituzten eta toki askotara, Ameriketara bereziki, esportatu ziren. Arkabuz eta mosketetan Soraluze izan zen gune nagusia. 1573an sortu zen Soraluzeko Armen Erret Fabrika eta hurrengo mendeetan Euskal Herriko arma-fabrika nagusia izan zen. 1875 arte iraun zuen. Durango eta Elorrio ere armagintza-gune garrantzitsuak izan ziren. Armagintzarako burdina bertako meatzeetatik ateratzen zuten, Muskiztik, Mutiloatik, Arrasatetik, etab. Zura ere bertako basoetatik. Nafarroak ere arma-fabrika garrantzitsuak izan zituen. Eugikoaz gainera, Orbaitzetan munizio-fabrika garrantzitsua zegoen. Hau 1882an itxi zuten. XIX. mendearen amaieraz geroztik erregearen fabrikak itxi eta armagintzako enpresa pribatuak agertu ziren.




Atzera