banku 1
iz. 1. Jarduera nagusia publikoarengandik gordailuak onartu eta kreditu-eragiketak burutzea duen enpresa publiko edo pribatua, bitartekari-lan horretan kopurua, epea, arriskua eta prezioa egokitzen dituela. 2. Banketxea. 3. INFORM. Informazioa era ordenatu eta eskuragarrian gordetzeko egitura konplexua. Irudi-bankua. 4. MED. Odola, gorputzeko hainbat organo, esperma, etab. jaso, gorde eta banatzeaz arduratzen den zerbitzu publiko edo pribatua. • datu-banku. INFORM. Ik. datu.
Banku-sistemaren egituraren barnean honako banku-mota hauek bereiz daitezke. Banku zentralak, diru legalaren jaurtitzaileak, gobernuaren moneta-politika burutzen du eta gainerako kreditu-entitateen banku gisa dihardu, hauen begirale-lana bere gain duelarik. Kreditu-entitate ofizialek, estatuak kontrolaturiko erakundeak izanik, arlo edo ekonomi sektore jakin batetan dihardute (eraikuntza, nekazaritza, etab.). Banku pribatuen alorrean .banku komertzialak eta banku industrialak bereiz daitezke. Banku komertzialak publikoarengandik gordailuak onartu eta batez ere epe motzeko kredituak burutzen dituztenak dira. Bulego askoz osaturiko sare komertziala dute. Banku industrialen bezero nagusiak enpresa handiak dira, hauen epe luzerako finantzaketa eta partaidetzaren salerosketa eta gestioa helburu dutelarik. Bulego gutxi dituzten bankuak dira, eta aholkularitzan eta errenta finko eta higigarriko baloreen bitartekaritzan diharduten negozio-banku bilakatuz joan dira. Zenbait kasutan oso zaila da banku komertzialaren eta industrialaren arteko bereizketa egiten, banku mistoak, hau da mota guztietako eragiketak burutzen dituztenak, ari baitira hedatzen.
Hasiera batean aurrezki-kutxak eta kreditu kooperatibak bankuekiko bereizi egiten baziren ere, haiek ere gero eta gehiago jokatzen dute banku bezala, eta nahiz eta oraindik ere, aurrezki-kutxen kasuan behintzat, jabetza eta izaera ongilea bezalako ezaugarri bereziak gordetzen dituzten, neurri batean beste banku-mota bat bezala har daitezke.
Atzera