beaumondar

adj. eta iz. Nafarroako erresumako ahaide-alderdia, Beaumonteko jaunak zuzentzen zuena; delako bandoko kidea. Ik. agramondar.
Beaumonteko jauna zen beaumondarren buruzagia. Joan Beaumontekoa izan zen bandoari izena eman ziona, bere anaia Luis Leringo kondearekin batera Joan II.a Trastamarakoaren aurka eta horren seme Karlos IV.a Bianako printzearen alde armetan altxatu zirenean 1451n, Nafarroako erresumako ondorengotza-auzia erabakitzeko. Beaumondarrek agramondarrak izan zituzten aurrez aurre. Joan II.ak azken hauen laguntzarekin garaitu egin zituen beaumondarrak Lizarran. 1464an erregearekin bakeak egin bazituzten ere, beaumondarren eta agramondarren arteko etsaigoa ez zen inola ere baretu. Eta Joan II.aren alaba Leonor tronura heldu zenean bi bandoen arteko haserrea areagotu egin zen, hau Gaston IV.a Foixkoarekin baitzegoen ezkonduta. Agramondarrak Foix-Albret dinastiaren aldekoak ziren bitartean, beaumondarrak Aragoi-Gaztelako koroarekin elkartu ziren Nafarroa barruko dinasti borrokan eta azkenik Fernando II.a Katolikoari Nafarroa konkistatzeko bidea ireki zioten (1512).




Atzera