biltzar
iz. 1. Batzarra. 2. HIST. Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin egiten zen auzo, udal zein gorengo mailako bilkura.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusien antzeko erakundea zuten Lapurdik (Biltzarra), Zuberoak (Silbieta) eta Nafarroa Behereak (Gorte jenerala). - Lapurdi. Parrokia bakoitzeko ordezkariak biltzen ziren biltzarrean, erret zergak parrokien artean banatu eta gainerako arazoak konpontzeko. Eskumen militarra ere bazuen, milizien ofizialak izendatzeko eta horiek parrokietan banatzeko. Uztaritzen egin ohi zuten biltzarra. Nobleziak eta kleroak ez zuten parrokien biltzarrean lekurik; eta ez zuten beren aldetik beste biltzarrik. Bailea zen buru Biltzarrean, erregearen ordezkaria. - Zuberoa. Silbiet deitzen zioten Zuberoako biltzarrari. Etxeko jaunak edota parrokietako ordezkariak biltzen ziren bertan. Silbietaren eta noblezia eta kleroak osatzen zuten "Gorputz Handiak" erakundearen artean (biak batera) Zuberoako estatuak osotzen zituzten. Udal-mailako erakundeak ziren eta parroki biltzar izenez ere ezagutzen ziren. Bileretan legea betearazteko arduraduna hautatzen zuten. - Nafarroa Beherea. Eskualdetan banatuta zegoen, eta horietako bakoitzak bere Gorte jenerala zuen: sindiko jenerala zen horko buru, eta erregearen ordezkaria ere bertan izan ohi zen. Herrialde eta eskualdetako biltzarraz gain beheragoko mailako biltzarrak ere egin ohi zituzten Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeetan: parroki edota auzo-mailakoak alegia. Bertako ondasunak administratzeko auzapeza eta zinegotziak izendatzea edota zerga-biltzailea aukeratzea ziren lekuko biltzarraren egitekoak, besteren artean.
Atzera