deskonpresio
iz. 1. Presioa txikiagotzea. 2. BIOL. Likido edo gas batek organismo batean eragiten duen presioa txikiagotzea eta ondoriozko aldaketen multzoa.
Presio atmosferikoan gorputzeko ehunek aireko gasen kopuru txikiak edukitzen dituzte disolbaturik. Gorputza presio atmosferikoa baino txikiagoa dagoen leku batera lekualdatzen denean, presurizatu gabeko hegazkin batean doan pilotu bat altitude handiagora igotzen denean edo murgilari bat urpetik irteten denean, adibidez, kanpoko presioa gutxitzeak gasok disoluziotik irtetea eragiten du. Igoera oso lasterra ez bada, gasak odolera igarotzen dira eta arnasbidetan zehar irteten dira, baina presio-aldaketa hori lasterra izanez gero, gas-burbuilak eratzen dira gorputzeko ehunetan. Nerbio-sisteman eratzen diren burbuilek paralisia, konbultsioak, muskuluak koordinatzeko eta hitz egiteko zailtasunak eta zorabioak eragiten dituzte eta giltzaduretan metatzen direnek oinazeak. Beste hainbat kalte ere ager daitezke. Asaldura hauen erremedioa kamara hiperbariko batean berriro ere presio handiagoan sartu eta deskonpresioa pixkanaka egitea izaten da, baina ez da segurua ehunak bere onera etortzea.
Atzera