druida
iz. Kultura zeltetan, apaizen klaseko edozein kide, bereziki goi-mailakoa. Bere barnean poetak eta igarleak ere sartzen ziren.
Druiden inguruan zegoen eratuta zelten erlijioa; horregatik druidismoa deritza horri. Arimaren hilezkortasuna zeukaten beren sinesteen erdigunean: heriotzan lagun batengandik besteren batengana igarotzen da arima, haien sinestez. Apaizen lana betetzearekin batera, goi-klase sozial eta nolabaiteko ordena osatzen zuten druidek antzinako Galian, Bretainian eta Irlandan, epaileena, maisuena eta poetena ere eginez. K. a. III. mendekoa dugu druiden lehen aipamena; horien berririk zabalena Julio Zesarren bitartez dakigu. Druidak libre zeuden arma-lanetatik eta ez zeuden zergak ordaintzera behartuak. Erromatarren aldetik eraso handiak jasan zituzten. Tiberioren agintaldian deuseztatu zuten druiden klasea Galian, eta geroxeago Bretainian. Irlandan, berriz, kristautasunaren sarrerarekin beren apaiz-eginkizuna galdu zuten, baina epaileen eta poeten eginkizuna betetzen jarraitu zuten.
Atzera