epopeia
iz. 1. LIT. Heroiak edo egitandi gogoangarriak goraipatzen dituen poema luzea, gehienetan errealitatea eta mitologia nahasten dituena. Homeroren epopeiak. 2. (hed.) Eragozpen handiak gaindituz burututako ekintza errealen multzoa.
Antzinako zibilizazioen literatur adierazpen zaharrenetakoa dugu poesia narratibo tradizionala, epopeia. Poema anonimo hauek herri horien tradizio, ohitura eta baloreen islada dira, mendeetan zehar ahoz aho transmitituz eratu, osatu eta moldatutako obrak baitira. Ahozko epopeia hauetako batzuk idatzi eta nolabait homogenotu egin zituzten idazle batzuek; hauetakoak dira Gilgames, Mahabarata, Ramayana, Iliada eta Odisea. Bi obra homeriko hauetan epika tradizionalaren eta epika jasoaren arteko lehen urratsa eman zen. Azken honetan, epopeiak egile bakar eta indibiduala du, kontzienteki artelan bat sortzen ari den autorea (esate baterako, Eneida sortu zuen Virgilio). Goiz Erdi Aroan epopeia tradizionala indarberritu egin zen Europan: Beowulf, Nibelungoen Kantua, Eddak, Errolanen Kantorea, Mio Cid-en Eresia, etab. Berant Erdi Arotik aurrera, "Jainkotasunaren" epopeiatzat har dezakegun Jainkotiar Komedia-ren ondoren, literatur genero landu eta jasoagoak pixkanaka poesia narratiboaren lekua hartzen joan ziren eta epopeia bera eraldatu egin zen, nobelaren ezaugarrietara hurbilduz: Orlando Furioso, Jerusalem Askatua, Lusiadak, La Araucana, etab. Horrela, XIX. mendean nobelak ia erabat baztertua zuen epopeia eta oso obra gutxi sortu ziren, horien artean V. Hugoren Mendetako kondaira eta J. Verdaguer-en Atlantida.
Atzera