errusiera
iz. Hizkuntza eslaviarra, ekialdeko taldeko nagusia, Errusian eta SESB zeneko zenbait errepublikatan mintzatzen dena.
Errusiako hizkuntza ofiziala 1923.az geroztik, Errusian 142 bat milioi hiztun ditu eta SESB zenaren zenbait lurraldetan bigarren hizkuntza da 60 milioi inguru hiztunentzat. Errusieraren dialektoak hiru sailetan banatzen dira: iparraldekoak (San Petersburg-etik Siberiaraino), hegoaldekoak (Errusiako erdialde eta hegoaldean) eta bien artean mintzo diren erdialdekoak. Literaturan Moskuko dialektoa (erdialdekoa) erabiltzen da nagusiki eta hau iparraldeko dialektoen sistema kontsonantikoan eta hegoaldeko dialektoen sistema bokalikoan dago oinarrituta. Alfabeto zirilikoz idazten da. XIII. mendera arte beste hizkuntza eslaviarrekin antz handia gorde bazuen ere, XIII. mendetik aurrera mendebaldeko hizkuntzen eragina izan zuen. 1917ko Errusiako iraultzarekin hizkuntzak bilakaera azkarra eta bortitza jasan zuen alfabetoa sinplifikatuz eta lexikoa, neologismoen eraginez, aberastuz.
Fonema-aberastasun handikoa izaki errusiera ozentasun handiko hizkuntza da eta azentu toniko aldakorra du. Gaur egungo errusierak sei deklinabide-kasu ditu (nominatiboa, akusatiboa, instrumentala, datiboa, genitiboa eta lokatiboa) izenen eta adjektiboen singularrean zein pluralean. Aditzak orainaldian forma pertsonalak eratzen baditu ere, iraganean lau forma nominal besterik ez dira (hiru generoak eta plurala). Gabezia hau eratorpenean oinarrituriko aspektu-oposizio baten bidez (burutua/ez-burutua) konpentsatzen du. Intonazioak garrantzi handia du eta haren arabera proposizioa baiezkoa, harridurazkoa edo galderazkoa izaten da. Kontsonante txistukari eta leherkari ugari ditu, eta baita sabaikari-multzoak sabaikari ez direnekin batera ere.
Atzera