estatika
iz. FIS. Orekan dauden gorputzak eta oreka-egoera gauzatzen duten indarrak aztertzen dituen mekanikaren adarra. Estatikaren legeak. Estatika eta dinamika.
Estatika dinamikaren azpiadartzat har daiteke, azelerazioa eta abiadura zero direnean balio duena. Geldirik dagoen gorputzari indar-multzo bat ezartzen bazaio eta, indarrek elkar orekatzen dutelako, higitzen ez bada, gorputza orekan mantentzen dela esaten da. Orekaren zientzia da estatika. Sistema deformaezinetan, hauexek dira oreka-baldintzak:
- Sistemari ezarritako indarren batura nulua da; sistemak ez du translazio-higidurarik.
- Sistemari ezarritako indarren momentua nulua da: sistemak ez du bere ardatzaren inguruan biraketa-higidurarik (errotaziorik).
Mekanika aplikatuan orekaren ikerketa oso garrantzitsua da; materialen erresistentzia eta eraikuntzen egonkortasuna aztertzeko adibidez, estatikaren metodoak erabiltzen dira.
Atzera