euskaltegi

iz. Euskara irakasteko ikastetxe edo akademia, bereziki, helduak euskaraz alfabetatzeko eta euskalduntzeko alorrean diharduena.
1976-77 ikastaroan izugarri hazi zen euskara-ikasleen kopurua. Horien eskabideari erantzuteko sortu zituen euskalduntze-alfabetatze mugimenduak euskara irakasteko eskola bereziak, egun osoz eta ikastaro osoan zihardutenak, Israelgo ulpanen antzera. Euskara irakasteko gau-eskolen eta ikastaldi informalen sistema gaindituz, euskalduntze-alfabetatzearen mugimenduari antolakuntza sendoagoa eta finkoagoa eman zioten euskaltegiek.
1983ko HABESEA (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundea Sortarazteko eta Euskaltegiak Araupetzeko) legeak legeztatu zituen euskaltegiak EAEn. Publikoak ala pribatuak izan daitezke horiek, legearen arabera. HABEk bere baitan eraiki zituen euskaltegi publiko batzuk, hasieran eredu izan nahi zutenak; era berean udal-euskaltegi publikoak sortu ziren hainbat herritan; pribatuen artean bi mota bereizten ditu legeak: homologatuak eta libreak, baldintza instituzional eta akademikoen eta jasotako diru-laguntza publikoaren arabera bereizten direnak. Euskaltegi batzuk, bestalde, barnetegi moduan daude antolatuta.
Antzeko sistema dago legeztaturik Nafarroan; Ipar Euskal Herrian, berriz, ez dago euskaltegi publikorik, eta helduentzako euskara-irakaskuntza ia osorik AEKren eskuetatik doa.
1993an EAEn HABEk euskaltegi libreei diru-laguntza erabat ukatu zien. 1994an HABEk berak eraikitako euskaltegiak itxi egin zituen; aldi berean AEKrekin hitzarmena egin zuen, horren euskaltegi libreen homologazioa bideratzeko eta euskara ikasteko eskabidearen arabera beharrezko euskaltegien mapa definitzeko.




Atzera