barnetegi

iz. Ikasleei eskolak ez ezik egoitza eta mantenua ere eskaintzen dien ikastetxea; bereziki horrelako eskaintzak dituen euskaltegia.
Helduen euskalduntze-alfabetatzeko, hiru funtzionamendu-motako zentruak bereizi ohi dira: gau-eskolak, eskolak ohizko eta lanorduetatik aurrera soilik ematen dituztenak; euskaltegi soilak, eskolak egun osoan eskaintzen dituztenak (ikasleak ez dira bertan bizi); barnetegiak, eskolez gain ikasleei ostatua ere eskaintzen dietenak. Ikastetxe batzuk urte osoan barnetegi gisa funtzionatzen dute; beste batzuk udan edo bestelako urte-sasoiren batean bakarrik. Barnetegiak ahalbidea ematen dio ikasleari beste ikasleekin bizitzeko eta euskara praktikatzeko; gainera, sarritan euskara dakien herriko jendearekin euskaraz mintzatzeko ekintzak eta programak antolatu ohi dituzte. HABEk Hondarribian zuen barnetegia 1994an itxi ondoren, honako lekuetan daude urte osoko barnetegiak: Zornotzan, Lazkaon, Lesakan, Ondarroan eta Errigoitian.




Atzera