figura

iz. 1. ART. Irudia. 2. LIT. Unitate linguistiko edo erretoriko berezia, esanahi zuzenaz gain berarekin efektu berezi bat iradokitzeko ahalmen edo helburua duena.
LIT. Figura erretorikoak sailkatzeko eginahalak egin dira erretorika klasikoan, zenbaitetan era arbitrario samarrean ere bai, izan ere batzuetan ez baita erraza adierazlearen eta adieraziaren maila desberdinen arteko muga ezartzea. Oro har honako sailkapen hau egin ohi da:
Ebakera-figurak: hizkuntzaren maila fonikoan oinarriturik daude eta hitzak ez du bere esanahia galtzen (aferesia, apokopea, sineresia, paronomasia, aliterazioa, onomatopeia, silepsia, etab.).
Tropoak edo hitz-figurak: hitzean oinarritutakoak dira eta beronen ohizko zentzua aldatu egiten da (sinekdokea -nahiz antonomasia, nahiz sinboloa-, metonimia, metafora, alegoria, eufemismoa, etab.).
Egitura-figurak: esaldiaren barruan hitzek duten ordenan oinarritzen dira (anafora, anakolutoa, asindetona, elipsia, pleonasmoa, tautologia, etab.).
Pentsamenduaren figurak: estiloan, adierazpen mailan pentsamenduaren -abardurak azaltzeko moduan oinarrituak daude (antitesia, apostrofea, hiperbolea, prosopopeia, perifrasia, etab.).
Figurak nolabait sistema batean sailkaturik egoteak kutsu arau-emailea izan dezake, hau da, halako efektua lortzeko halako figura erabili behar dela esan dezake. Baina gehienetan, helburua deskribatzailea izaten da; horrela, literatur lanaren estilo-azterketarako tresna bihurtzen dira figurak.




Atzera