hizkuntzalaritza

iz. Hizkuntza aztertzen duen zientzia.
Zeinu bidezko hainbat sistema garatu izan dira historian zehar, baina hizkuntza da komunikabide nagusia, batez ere kultura egiteko. XVII. mendean ikerlari frantsesek Port-Royal-eko gramatika argitaratu zuten, eta honenbestez hizkuntza baten ikuspegi orokorra eskaintzen zen aurrenekoz. Honek hizkuntzekiko ardura piztu zuen, eta hizkuntzen historiari buruzko hainbat azterketa egin ziren. XIX. m.an berriz konparatismoa nagusitu zen, eta hizkuntzen arteko harreman teorikoetan sakonduz eman ziren, apurka, giza hizkera mintzatuaren teoria orokor bateranzko lehen urratsak. Hizkuntzalaritza XIX. m.aren erdialdean hasi zen bere burua definitzen, antzinatik zetorren korronte filologiko tradizionaletik bereizteko. F. de Saussure hartu izan da hizkuntzalaritza modernoaren sortzailetzat. Filologiak testuen azterketa egiten duen bezala, hizkuntzalaritzaren lana da hizkuntza mintzatua eta haren funtzionamendua une jakin batean aztertzea. Helburu nagusia hizkuntzaren alderdi guztiak hartuko lituzkeen hizkeraren egituraren teoria orokor bat osatzea du. Euskal Herrian hainbat lan filologiko eta etimologiko egin ziren, euskararen aztarnak Babelgo Dorrean aurkitu nahirik. Teoriko gaztelaniazaleen aurka eginiko lanok gainditu ahal izan ziren, besteak beste, L.L. Bonaparte printzearen azterketen bitartez. Berak finkatu zuen euskalkien mapa hizkuntza aztertzeko metodologia zientifikoa erabiliz. Haren lanaren jarraitzaile izan zen Julio Urkijok zientzi maila eman zion euskararen ikerketari Revista Internacional de Estudios Vascos argitalpenaren bidez.




Atzera