Bonaparte
Frantziako familia, jatorriz Korsikakoa; jatorrizko izena Buonaparte zen. Erdi Aroan familia hiru adarretan banatu zen: Bologna, Treviso eta Florentziakoan. Azken hau XIII. mendean bitan banatu zen: San Miniatoko adarrean eta Sarzanakoan. Azken honetako kide batek, Francesco Buonapartek, Korsikara emigratu zuen XVI. mendearen erdialdean eta beronen ondorengoa izan zen Frantzian agintean egon zen familia. Familia honetako kide garrantzitsuenak Napoleon I.a, II.a eta III.a enperadoreak izan ziren. - Karlos Maria Buonaparte (Ajaccio, 1746 - Montpellier, 1785), Napoleon I.aren aita. Korsikako independentziaren alde borrokatu zen (1768-69), baina gero Frantziako gobernuarekin bat egin zuen. Maria Letizia Ramolinorekin ezkondu zen (1764). - Maria Letizia Ramolino (Ajaccio, 1750 - Erroma, 1836), Napoleon I.aren ama. "Madame Mere" titulua eman zitzaion. Bizimodu apala eraman zuen gortetik erretiratuta. Inperioa erori zenean Erromara erretiratu zen, Pio VII.aren babesera. Karlos Mariarekin izan zituen hamahiru seme-alabetatik, zortzi bakarrik bizi izan ziren; hauexek eman zioten familiari segida. - Jose (Corte, Korsika, 1768 - Florentzia, 1844). Napoliko errege (1806-08) eta Espainiako errege (1808-13), Napoleon I.aren anaia. Baionako konstituzioan oinarriturik hartu zuen Espainiako agintea eta afrantsesatuen laguntzaz, bere posizioa sendotu eta zenbait erreforma egiten saiatu bazen ere, ez zuen arrakastarik izan. Bere armadak Espainiako Independentzi gerra galdu ondoren, Frantziara ihes egin zuen (1813). EEBBetan, Britainia Handian eta Italian bizi izan zen. - Napoleon. Ik. Napoleon I.a. - Elisa (j.i. Marie Ane) (Ajaccio, 1777 - Trieste ondoan, 1820). Lucca eta Piombinoko printzesa eta Toskanako dukesa handia, Napoleon I.aren arreba. - Luziano (Ajaccio, 1775 - Viterbo, 1840). Caninoko printzea, Napoleon I.aren anaia. Bostehunen Batzarreko lehendakaria izan zen. Espainia eta Frantziaren arteko hurbilketa lortu zuen. - Luis (Ajaccio, 1778 - Livorno, 1846). Holandako erregea (1806-10), Napoleon I.aren anaia. Italia eta Egiptoko kanpainetan lagundu zion. Anaiak Holandako errege izendatu zuen, baina nederlandarren interesen alde jokatzen uzten ez zitzaionez, abdikatu egin zuen. Hortensia de Beauharnaisekin ezkondu zen eta ezkontza honetatik jaio zen Napoleon III.a izango zena. - Marie Paulette (izg. Pauline) (Ajaccio, 1780 - Florentzia, 1825). Borghes-eko printzesa eta Guastallako dukesa, Napoleon I.aren arreba. - Karolina (Ajaccio, 1782 - Florentzia, 1839). Cleves eta Berg-eko dukesa handia eta Napoliko erregina (1808-14), Napoleon I.aren arreba. Anaiaren ondorengotza lortzeko ahaleginak egin zituen, hura familiarik gabe hiltzea gertatuko balitz. - Jeronimo (Ajaccio, 1784 - Villegenis, 1860). Westfaliako erregea (1807-1813) eta Frantziako mariskala (1850), Napoleon I.aren anaia. Katalina Württemberg-ekoa izan zen bere bigarren emaztea. - Frantzisko Karlos Jose, Napoleon I.aren semea. Ik. Napoleon II.a. - Karlos Luis Napoleon, Napoleon I.aren iloba. Ik. Napoleon III.a. - Eujenio Luis Napoleon (Paris, 1856 - Zululand, 1879). Frantziako printze inperiala, Napoleon III.aren semea. Armada britainiarraren batzorde nagusiko Zululand-eko agregatu izendatu zuten (1878), eta espedizio batean zuluek hil zuten.
Atzera