ikusmen

iz. 1. Objektuen forma, kokagunea eta kolorea argiaren eraginaren bidez hautematen duen sentimena, begien bidez burutzen dena. 2. Ikusmenaren helmena, ikuslearen begien irispidea. Ikusmenean dugu ja Bidarrai.
Ikusmena begiak argi-erradiazioak hartzeko duen gaitasuna eta ondoren nerbio-kinada horiek interpretatzeko garunak duen ahalmenaren ondorioa da; espazioa eta gauzen kolorea zein forma atzemateko begiak duen ahalmena alegia. Oro har, ikusmena hiru sistemaren konbinazioaren emaitza da: kanpoko muskuluak, aparatu optikoa eta argi-erradiazioen inpresioa jasotzeko erretinak duen gaitasuna.
Ornogabe batzuek organo fotorrezeptore sinpleak dituzte eta hauen bitartez argia edo argiaren intentsitatea atzeman dezakete. Alabaina, ezin esan daiteke argiarekiko sentikorra izatea eta ikustea gauza bera denik. Ornodunen artean espezie batzuek begiak atrofiatuta dituzte eta beste batzuek, ugaztunak eta zenbait hegaztik kasu, oso begi garatuak. Gizakiaren begiek kanpoko bulkada fotoelektrikoak nerbio-kinada bihurtzen dituzte. Hori egin ahal izateko, begiak argi-izpiak errefraktatu eta horien kopurua erregulatzen duen gailu optiko bat dute. Gailu hori kornea, begi-nini, kristalino, humore urtsu eta humore beirakaraz osatua dago, eta argi-izpiak erretinan fokatzen ditu. Erretinak bere zelula fotosentikorren bitartez -koloreekiko sentikorrak diren konoak eta argitasun-sentsazioa hautematen duten bastoiak-, erradiazio optikoak nerbio-pultsu bihurtzen ditu. Ikusmen-nerbioak mezuak jaso eta garuneko ikusmen-zentroetara bidali ohi ditu.
Ikusmen-eremua begia finko eta geldirik dagoenean hartzen den eremua da. Begi bakoitzak bere eremu independentea du, baina ikusmen binokularra duten ornodunek, bi begien eremuak gainjarri egiten dituzte erdialdean eta hor lortzen da ikusmen-zolitasunik handiena. Horrela izanik, erdigunean kokatutako gauzak oso garbi ikusten dira (zuzeneko ikusmena), ertzetan kokatutakoak berriz, argitasun gutxiagorekin (zeharkako ikusmena).
Begiko sei muskulu txikiak (lau zuzen eta bi lapran), oso ondo koordinatuta daude, eta euren kontrolari esker, begia orientatu egin daiteke, ikusi behar den objektua hobeto fokatzeko. Bestalde, malko-guruinek kornea etengabe bustitzen dute ikusmen-baldintzak onenak izan daitezen.
Irudiak garbi ikustea eragozten duten ikusmenaren akatsen artean hauek dira ezagunenak: miopia (begietatik urrun dagoena argi ikusteko zailtasuna sortzen du eta lente dibergenteak jarrita zuzentzen da), hipermetropia (begietatik hurbil dagoena argi ikusteko zailtasuna sortzen du eta lente konbergenteekin zuzentzen da), eta astigmatismoa (kornearen kurbadura asimetrikoak edota kristalinoaren homogeneotasunik ezak irudi desitxuratu edo lausoa sortzen du). Bestalde, irudien koloreak ondo bereizteko ezintasuna (daltonismoa) eta zenbait kolore atzemateko ezintasuna (akromatopsia) bezalako akatsak ere badaude.




Atzera