pultsu
iz. 1. BIOL. Arterien aldizkako taupada-segida, gorputzeko hainbat lekutan eta bereziki eskumuturreko puntu batean sumatzen dena. Bihotzaren ezkerreko bentrikuluak odola aortara bultzatzen duenean sortutako odol-kolpearen transmisioaren ondorioa da. 2. Indartsuago nor den jakiteko, aurrez aurre dauden bi pertsonak, ukondoak bermatuta dituztela eta eskuetatik helduta daudela bestearen besoa etzatean datzan norgehiagoka. 3. (hed.) Eskuz egiten den lan baterako behar den eskuaren mugimenduen kontrola, segurtasuna. 4. ELEKTRON., INFORM. eta TELEKOM. Magnitude fisiko baten balioaren (esate baterako, anplitudearen) aldaketa lasterra eta iraupen laburrekoa, magnitudea hasierako baliora berehala itzultzen dela. • nerbio-pultsu. BIOL. Elementu nerbiosoen mintzean zehar transmititzen den seinale elektrikoa.
TELEKOM. Hiru ezaugarri ditu pultsuak: balio maximoa (anplitudea), iraupena eta balio maximora iristeko denbora. Bestalde, pultsu-serieetan errepikatze-maiztasuna da beste ezaugarri garrantzitsu bat, hau da, zenbat pultsu dauden denbora-unitateko (segundoko adibidez). Pultsu-seriearen anplitudea modulatuz, edo iraupena edo pultsuen posizioa denboran zehar modulatuz, informazioa kodetu eta garraiatu egin daiteke.
Atzera