inflazio

iz. EKON. Prezio-maila orokorraren igoera egonkorra. Normalean, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) erabiliz neurtzen da. Eskari agregatua (kontsumo pribatua, inbertsioa, gastu publikoa eta esportazioen batuketa) eskaintza baino handiagoa delako sortutako desorekari eskari-inflazio deritzo; soldata, etekin, interes-tasa, lehengai, etab.en igoera denean inflazioaren eragilea, kostu-inflazioaz hitz egiten da.
Inflazio-eragileak aztertzean hiru aldagai aipatu ohi dira: eskari agregatua, kostuak eta moneta-eskaintzaren igoera.
Herri bateko eskari agregatua (kontsumo pribatua, inbertsioa, gastu publikoa eta esportazioen batuketa) eskaintza baino handiagoa izateak prezioen igoera eragiten du; horrelakoetan eskari-inflazioa deritzo. Bestetik, gerta daiteke soldata, etekin, interes-tasa, lehengai, etab.en igoera izatea inflazioaren eragilea; horrelakoetan kostu-inflazioaz hitz egiten da. Errealitatean bi mota horietako eragileak egon ohi dira inflazioaren oinarrian, hau da, laneko errenten, eskariaren eta beste kostuen igoera une berean gertatzen da. Eta batak bestea dakar prozesu horretan.
Errentaren banaketan duten portzentaia mantentzeko kapitalistek eta lan-errentadunek egin duten presioa da 1970. hamarkadaz geroztik izan den inflazio-prozesuaren faktore nagusietako bat. Eta borroka horretan prezio eta errenta guztiak proportzio berdinean igotzen ez direnez, prozesu inflazionistetan talde sozial batzuk galtzen ateratzen dira eta beste batzuk irabazten.
Hala ere, eta monetaristen ustetan, moneta-eskaintzaren igoera da prezioen igoeraren gertuko eragilea. Beste era batera esanda, lehen aipaturiko faktoreek ez lukete inflaziorik sortuko moneta-eskaintzaren igoerarik gabe. Haien esanetan, ekonomia jakin bateko moneta-kopurua gehitzea nahikoa da inflazioa agertarazteko. Iritzi honek izan duen arrakastaren erakusle dira 1980. hamarkadaz geroztik hainbat estatutan aplikatu diren moneta-politika zorrotzak, zeinetan Banku Zentralei ahalmen zabalak edota erabateko autonomia eman baitzaie.




Atzera