instrumentu

iz. MUS. Musika-soinuak sortzen dituen tresna.
Musika-instrumentuen deskribapena eta, fabrikazioaren zein historiaren azterketa organologiari dagozkio. Eta arkeologian eta historiaurrean egin diren aurrerapenei esker dakigu instrumenturik zaharrenak zein garaitakoak diren eta zer materialekin dauden eginak (harria, hezurra, zura, larrua, zeramika, metala, etab.). Dena den, instrumentuen azterketa sistematikoa XVI. mendean hasi zen egiten (Virdung, 1511; M. Agricola, 1529), XVII. mendean jarraitu zuen (Praetorius, 1614-20; Mersenne, 1626-37) eta XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran ezarri ziren terminologia eta organologiaren oinarriak (V. Mahillon).
Oro har, instrumentuak hiru taldetan banatu ohi dira:
Haize-instrumentuak. Putz egindako airearen bitartez, instrumentuaren paretak bibraraziz, soinua ateratzen duten instrumentuak dira eta, zurezkoak (txirula, klarinetea, oboea, saxofoia, etab.) eta metalezkoak (tronpeta, tronboia, tuba, etab.) bereizi ohi dira.
Hari-instrumentuak. Hariak dituzten eta horiek bibraraziz jotzen diren instrumentuak dira. Hiru azpimultzotan banatu izan dira: haria arkuz igurtziz jotzen direnak (biolinaren familia); eskuko hatzez, ziaz edo bestelako mekanismo batez pultsatuz jotzen direnak (gitarra, lautea, klabezina); eta mailu-sistema bat baliatuz jotzen direnak (klabikorda, pianoa).
Perkusio-instrumentuak. Gainazal bibrakorra izanik, hori kolpatuz soinua sortzen dutenak dira (danborra, bibrafonoa, triangelua).
XX. mendeko berrikuntzen haritik, laugarren talde bat ere sartzen da orain oinarrizko sailkapenean: instrumentu elektronikoak. Organo elektronikoa eta sintetizadorea dira nagusiak.




Atzera