kantutegi

iz. Kanta-bilduma; autore desberdinen poema lirikoen bilduma.
Beste herri batzuetan ez bezala, berandukoak dira euskaldunon kantutegiak, eta esan liteke XIX. mendean sorturiko antropologia eta folklore-ikerkuntzekin hasi zirela osatzen. Francisque-Michel jakintsu paristarrak argitaraturiko Le Pays Basque, sa population, sa langue, ses moeurs, sa littérature et sa musique (1857) obrak garrantzi handia izan zuen euskarak sorturiko kantengana interesa ekartzeko. Ondoren hainbat bilduma egin ziren, Euskal Herrian Berant Erdi Arotik honaino herriak sorturiko kanta eta bertsoak jasoz. Denboraren buruan, eta bertsolaritzari emaniko lanketa eta azterketa bereziari esker, hasiera batean herri-kanta bezala bilduriko konposizio asko bertsolari jakin eta zehatzen ondarera ekarri izan da. Besteak beste aipagarriak dira Charles A.F. Mahn-ek Berlinen argitaraturiko Denkmaeler der Baskischen Sprache (1857), J.D.J. Salaberri zuberotarrak bilduriko Chants Populaires du Pays Basque (1870), Jose Manterolak argitara emandako Cancionero Vasco (1887), bertako konposizio asko egile ezagunenak izanik, R.M. Azkuek jasoriko Cancionero popular vasco (1919), eta J. Riezuk osaturiko Flor de canciones populares vascas (1948). Geroztik argitaratu izan dira hainbat bilduma zahar eta berri, garrantzizkoena Aita Donostiak urte luzetan zehar jasoriko kantutegia. Badaude, alabaina, oraindik ere argitara eman gabeko kantutegiak, hala nola, Agustin Xahok XIX. mendean bildurikoa.




Atzera