karmeldar

adj. eta iz. Karmelgo ordenako kidea; delako ordenari dagokiona.
Karmelgo ordenaren sorrera XII. m.an Palestinako Karmel mendian jarri ohi da, Elias profeta bizi izan zen lekuan; bertara erretiratu ziren hainbat gizon, eremutarren biziera egitera. 1206-14 bitartean idatzizko bizi-erregela onartu zien S. Albertok, Jerusalemgo patriarka latindarrak, eta 1226an Honorio III.a aita santuak berretsi egin zien. 1238 inguruan Europara aldatu behar izan zuten bizitzera, eta 1240ko kapituluan eremutar biziera utzi eta elkarte-biziera hartzea erabaki zuten, Erdi Aroko eskeko ordena bihurtuz. Gizonezkoen ordenaren parean karmeldar emakumezkoen ordena, klausurako eta kontenplaziozkoa, eraiki zuen Joan Soreth-ek 1452an.
XVI. m.an barne-erreforma handia gertatu zen emakumezkoen nahiz gizonezkoen ordenetan, Santa Teresa Jesusenaren eta San Joan Gurutzekoaren eraginez; Karmelgo ordenaren hasierako espirituari hobeto atxiki nahia zuen helburu. Erreformak bere etxeak eraiki zituen eta karmeldar oinutsak izena hartu zuen.
Mundu osoan dago zabaldurik Karmelgo ordena bere adar historikoetan; gizonezkoek lanbide ezberdinak betetzen dituzte: predikatzea, parrokiak, misioak, irakaskuntza; emakumezkoek beren kontenplaziozko bizierari eutsi diote. Kontzilioaren ondoko ordenaren berrikuntzaren kontrako monasterioak bereizi egin ziren besteetatik 1990ean.
Azken mendeetan Karmelgo ordenaren espirituari eta izenari atxikiz, serora karmeldarren kongregazio berriak sortu dira, irakaskuntzan, gaixoak zaintzen edota karitatezko obretan dihardutenak.
Euskal Herrian hainbat etxe eta komentu dituzte karmeldarrek, bereziki oinutsak; horietako gizonezkoen ordenako hainbat kide nabarmendu da euskal kulturgintzan, batez ere Karmel aldizkariaren inguruan.




Atzera