profeta
iz. 1. Jainkoaren inspirazioz eta izenean, hark gizon-emakumeentzako agertu nahi duen nahia eta mezua aldarrikatzen duen laguna. Jesus profeta, Mahoma profeta. 2. Igarlea (2).
Mendebaldeko usadioari dagokionez, Israelgo profeta handiak eredutzat hartu izan dira: Isaias, Elias, Jeremias, Daniel, Joan Bataiatzailea, etab. Hauez gainera profetaren irudia mundu zabaleko beste erlijio askotan aurki daiteke. Profeta ez da nahasi behar itxuraz antzekoak baina izatez guztiz ezberdinak diren bestelako igarle-irudiekin, hots, magoekin edo aztiekin. Profetak bere-bereak dituen ezaugarriak argiago ikusten dira naturaz gaindiko eta erlijio-gaietan funtzio berdintsuak dituzten igarle, azti eta apaizekin alderatuz gero. Profetak ez du bere izenean hitz egiten, Jainkoaren izenean baizik. Aztiak edo pitonisak modu artifizialez lortutako trantzearen bitartez aritzen dira, eta kontsulta egiten dien pertsonaren interesei erantzuten diete soilik. Profeta, aldiz, Jainkoak hala nahirik aritzen da, eta bere mezuak komunitate osoaren egoera erlijioso edo sozialean eragina izaten du. Bibliak azaltzen duenez, profetak izaten duen mezu-hartzea, poeta edo musikariak obra originala sortzean izaten duen inspirazioa bezalakoa izan ohi da. Beraz, Bibliako profeta edo rabi-a Jainkoaren bozeramailea da. Beste zenbait erlijiotan, berriz, bitarteko despertsonalizatua da igarlea, eta jainkoaren bozeramaile baino medium-a izaten da; ondorioz, magia edo parapsikologiatik gertuago gelditzen da, erlijiotik baino. Profetak mezu berria zabaldu eta berarekin jendetza handia eraman ohi duenean, iraultzaile edota erlijioaren erreformatzailearen itxura hartzen du sarritan. Apaiza eta profetaren eginkizunak ere ezberdinak dira: apaizak aurrez ezarritako kultua egiten edo doktrina tradizionala irakasten du. Profetak, berriz, mezu berria, edo berritua behintzat, zabaltzen du. Apaizaren jarduera-arloan tradiziozkoa eta aldaezina dena dago; profetarenean, berriz, aldakortasun handiagoa dago, unean unekoak balio du. Profetaren agerraldia ustekabekoa da, apaizarena aldiz, instituzionalizatuta dago erabat.
Atzera