okzitaniera

iz. Frantziako hegoaldeko hizkuntza erromanikoa.
Okzitanieraren lehen testu solteak X. m.koak dira eta XII-XIV. m. bitarteko trobalarien poesiaren adierazpide estandar eta bateratua izateari esker, maila jasoko hizkuntza izan zen XV. m.ra arte. Antzinako okzitaniera eta antzinako frantsesaren artean gaur egun baino desberdintasun gutxiago zeuden, baina frantsesak bilakaera luzea izan duen bitartean okzitanierak latinaren ezaugarri asko gorde ditu. Egun okzitaniera katalanetik gertuago dago frantsesetik baino. Hamabi milioi hiztun ditu egun eta bost dialekto nagusitan banatzen da: proventzera, languedocera, limousinera, auverniera eta gaskoia. Erdigune aitzindari eta zuzendari bat ez izanak bideratuta eta inguruko hizkuntza erromanikoen (katalana, frantsesa, gaztelania eta italiera) eraginez edo, bost dialekto hauen arteko desberdintasunak ugariak dira. Gaskoiaren ezaugarriak bereziak direla eta, zenbait hizkuntzalarik hizkuntzatzat hartzen du eta biarnesa bere dialekto bezala; honek, ondoan duenez, eman zion zubererari seigarren bokala (ü). Proventzera maila jasoko hizkuntza izan zen Frantzian eta Espainian XII-XIV. m. bitartean. Lehen trobalari okzitaniar ezagunak proventzeraz eman zituen bere poemak, Akitaniako Gilermo IX.a dukeak hain zuzen (1071-1127). Proventzako trobalariek halako maila eta onespena hartu zuten Europako mendebaldeko gorteetan, non beraien estiloa ezarri baitzen Katalunian eta Galizian; proventzeraz garatutako poesiak sorrarazi zuen kantiga galaikoportugesa. XV. m.an Proventzak erresuma frantsesarekin bat egin zuenetik, eta frantsesaren politika zentralistaren eraginez, etengabeko atzerakada pairatu du proventzerak, hizkuntza ahultzearekin batera, hizkuntza jasoa izateari ere utzi arte. Gaur egun, unibertsitate eta literaturan erabiltzen den arren, hiri handietan galtzen ari da.




Atzera