ozeanografia

iz. Ozeanoen ezaugarri fisiko, kimiko, biologiko eta geologikoak ikertzen dituen zientzia.
Ozeanoen azterketa Antzin Aroan hasi zen arrazoi ekonomiko eta politikoen eraginez. Garai hartan beharrezkoa zen itsas korronteen norabideak jakitea bidaiatu ahal izateko eta arrantzan egiteko. Hala ere, behaketa zientifiko sistematikoa ez zen XVII. mendea arte hasi, XVIII. m.an sendotu egin zen eta XIX. m.an zientzia bihurtu. Newtonenak izan ziren lehengoetako ekarpenak, berak eman baitzituen mareei buruzko hainbat azalpen teoriko. Geroago, Marsilik Mediterraneoaren tenperatura eta gazitasuna neurtu zituen hainbat tokitan. Ikerketa puntual hauen ondoren, estatuek ere ikerketa sistematikoak hasi zituzten XIX. m.an, eta hainbat itsasontzi (Beagle, Challenger, Meteor, Discovery I eta Discovery II) barneratu zituzten ozeanoetan datu eta lagin bila. Ozeanografiaren helburuetako bat itsasoen ezaugarri fisiko eta kimikoak ezagutzea da. Itsasoko uraren gazitasuna eta tenperatura ezaugarri garrantzitsuak dira, klimatologian eta, bidebatez, ekonomian eragin handia dutelako. Baina itsasoen ezaugarri geologikoek ere garrantzi handia dute. Itsasoen batez besteko sakonera 3.800 m-koa da eta hori oztopoa izaten da itsasoen geologia aztertzeko. Hala ere, aurrerapen teknologiko berriei (zundaketa-untziak, sonarra, batiskafoa, etab.) esker ozeanoen lurrazala ezagutu ahal izan da. Nazioarteko hainbat programa dago martxan ozeanoen ezaugarriak finkatzeko asmoz. Programa horien artean Itsas Sakonera Zundatzeko Proiektua (Deep Sea Drilling Program-ODP) da ezagunenetakoa, hainbat estatuk lurrazal ozeanikoa ikertzeko finantzatutako proiektua; JOIDES zientzi taldearen aholku eta aginduei jarraitzen zaie eta JOIDES Resolution zundaketa-untzia erabiltzen dute lurrazal ozeanikoaren lagin eta datu geologiko eta geofisikoak batzeko 1984ko urtarrilaz geroztik.




Atzera