sorgintza
iz. Sorginaren jarduera eta antzea.
Sorgintza oso lotuta dago herri-sinesmenekin eta gizarte guztietan historian zehar behin baino gehiagotan agertzen den fenomenoa da.
Euskal Herrian ere sorgintzarekin lotutako gertaera eta gatazkak izan ziren Erdi Aroan eta Aro Modernoaren hasieran. Euskal Herriko sorgintza kristautasunaren aurretiko errito eta sinesmenekin lotuta ulertu behar da. Antza, garai bateko kristautzea azaletikoa izan zen eta sakonean antzinako sinesmenek herrian bizirik zirauten. Alabaina, XVI. m.an, Nafarroaren konkistaren ostean batez ere, sorgintza eta sorgin-ehiza errepresio politikorako tresna moduan erabili zen. Horren lekuko, Inkisizioak Nafarroako mendialdean eginiko lana da (atxiloketak, epaiketak, zigorrak, etab.). XVII. m.aren hasieran sorginkeria-salaketak ugaritu egin ziren. Gehienetan irudimenezko kontaketetan oinarritzen ziren salaketa hauek: sorginek begizkoak egiten zituztela, haurrak hiltzen eta jaten zituztela, ekaitzak eta uholdeak eragiten zituztela, etab. Lapurdin ere, Frantziako Enrike IV.ak aginduta, Pierre Lancre-k sorginen kontrako kanpaina gogorra burutu zuen.
Herri-sinesmenetan oso errotuta egon dira sorginei buruzko kontakizun, sineste eta istorioak. Horietan sorgin bihurtzeko bideak (eliza bat hiru aldiz inguratzea, beste sorgin baten arropa janztea, etab.) edota sorginak aurkitzeko bideak adierazten dira (adib., oilo baten bihotza ur irakinetan egosi eta gero orratz batetik zintzilik jarrita toki horretan dauden sorginak agerian gelditzen omen dira).
Atzera