zerebro

iz. ANAT. Entzefaloaren goialdeko edo aurrealdeko organoa, garezurraren barnean kokatuta dagoena eta nerbio-funtzio konplexuak eta borondatezko jarduerak zuzentzen eta koordinatzen dituena.
Giza zerebroa goi-mailako nerbio-funtzioez arduratzen den organoa da: adimena, memoria, sentimenen bidezko informazioa jaso eta interpretatzea eta borondatezko jarduera kontzienteak kontrolatzea dira bere funtzio nagusiak. Hemisferio deituriko bi atal nagusiz eta hauek lotzen dituzten egiturez dago osatuta. Hemisferio horien kanpo-geruzari kortex deritzo eta gai gris izeneko substantziaz egina da. Gainazal hori ez da jarraia, hainbat sakongune estuz bereizitako tolestura eta bihurgunetan (zirkunboluziotan) banatua baizik. Sakongune handienei zisura edo arteka esaten zaie (Rolandoren arteka eta Silvioren arteka) eta zerebroa lobulutan zatitzen dute. Eskuarki lau lobulu bereizten dira: frontala, parietala, okzipitala eta tenporala. Zerebroaren kanpoaldea meningeek inguratzen dute eta barrualdeari gai zuri esaten zaio. Lau barrunbe edo bentrikulu daude bertan, likido zerebroespinalez beteak eta muinarekin lotuak. Kortexaren zenbait alde edo atal funtzio jakin batzuez arduratzen dira (mugimendua, sentimenak, etab.) eta bertan lesioa gertatuz gero, dagokion funtzio edo ahalmena galtzea dakar berekin.




Atzera