Laos

(Sathalanalat Paxathipatai Paxaxon Lao). Asiako HE-ko estatua, Indotxinako penintsulan. Mugak: I-an Txina; M-an Thailandia eta Birmania; H-an Kanputxea; E-an Vietnam. Lurralde menditsua, oihanak eta sabanak dira nagusi. I-an eta E-an mendiak daude eta M-an Mekong ibaiaren lur emankorren lautadak. Montzoi-klima du. Asiako HE-ko estatuen artean populazio-dentsitate txikiena dauka eta munduko herri pobreenetakoa da Laos. Biztanleen % 75 ohiko nekazaritzatik bizi dira. Mekong ibaian arrantza.
Historia. Laosko lurraldea Kanbodiaren menpekoa izan zen XIII. m.ra arte. XIV. m.: erresuma independente bilakatu zen. 1574: birmaniarrek konkistatu zuten. 1637-94: Suligna Vongsa erregeak birmaniarrak egotzi eta bakea ezarri zuen. XVIII. m.: hiru erresumatan banatu zen: Vientian, Luang Prabang eta Champasak. 1778: Siamek Champasak konkistatu zuen eta Vientian inbaditu. Luang Prabangeko erregeak Siamen subiranotasuna onartu egin behar izan zuen. 1887: Luang Prabangeko erregeak, Un Kham-ek, frantsesei laguntza eskatu zien siamdarren aurka. 1893-1904: Siamek Laosko protektoratu frantsesa onartzen zuten hainbat itun sinatu zituen. 1904: Sisavang Vong-en erregealdia hasi zen. 1940: japoniarrek frantsesak egotzi zituzten. 1945: japoniarrek independentzia aldarrikatu zuten. Handik urtebetera frantsesek Vientian berreskuratu eta Sisavang Vong erregea agintean berrezarri zuten. 1949: independentzia lortu zuen Frantses Batasunaren baitan. 1950: Sufanuvong printzeak Pathet Lao alderdia sortu zuen, Vietmihn-ekin harreman estuak zituena. 1954-57: Pathet Laok, Genevako akordioen ondorioz, probintzia batzuen kontrola lortu zuen eta Suvanna Fuma lehen ministro bilakatu zen. 1957-64: batasun nazionaleko zenbait gobernu sortu ziren, neutralistak, komunistak eta erregezaleak bilduta. 1964-73: Laos Vietnamgo gerran nahastu zen; estatubatuarrak, thailandiarrak eta vietnamdarrak borrokatu ziren Laosen. 1975: Laosko Herri-Errepublika aldarrikatu zen eta Sufanuvong lehendakari bilakatu zen. 1977: Vietnamekin adiskidetasun-itun bat sinatu zuen. 1986: Sufanuvong-ek lehendakaritza utzi zuen. 1991: Kaysone Fomvihane estatuburu bilakatu zen. 1992: K. Fomvihane hil zen eta Nuhak Phumsavon-ek ordezkatu zuen.




Atzera