Thailandia
(Muang Tai edo Pratet Tai), lehen Siam. Asiako HE-ko estatua. Mugak: I-an Laos eta Birmania; M-an Birmania eta Andaman itsasoa; H-an Malaysia, Thailandiako golkoa eta Kanbodia; E-an Laos. Iparmendebaldea menditsua da; lautada zabalak hartzen du lurraldearen erdialdea. Kostaldean uharte txiki ugari dago. Klima tropikala du; montzoi-haizeen eraginpean dago. Aberastasun handiak dauzka zorupean: eztainua, karea, burdina, beruna, fluorita, petrolio-hobi txikiak eta lignitoa. Nekazaritza da ekonomiaren oinarria (azukre-kanabera, arroza, mandioka, kakahuetea, artoa, kotoia, opio-belarra). Arrantza, abeltzaintza (bufaloa, behia, txerria, ahuntza) eta baso-ustiapena (teka, kautxua). Turismoa.
Historia. Kristo baino milaka urte lehenagotik bizi zen gizakia Thailandian. Kristoren garaian mon herriaren Dvaravati erresuma ezarri zen, eta VI-VII. m.etan oparotasun handia izan zuen. XI-XII. m.: khemer herriak konkistatu zuen. XIII. m.: tai herriak (siamdarrak) iritsi ziren eta bi erresuma siamdar sortu zituzten IE-an. 1569: birmaniarrek bi erresumak okupatu zituzten, baina siamdarrek egotzi egin zituzten 1592an. Hurrengo urteetan gatazka larriak izan zituzten birmaniarrekin, khemerrekin eta Frantziarekin (XVIII. m.aren bukaeran). Bangkok egin zuten Siamgo hbru. eta 1782an Rama I.a errege izendatu zuten hiri honetan. 1782-1851: Rama I.ak, II.ak eta III.ak mugak zabaldu eta Malaysia, Kanbodia eta Laosko zatiak hartu zituzten. Rama IV.ak (1851-68) Siamen independentzia mantentzea lortu zuen eta Rama V.a (1868-1910) berritzailea izan zen: esklabotza abolitu, justizia berritu eta garraiabideak eraikiarazi zituen. Rama VI.aren agintaldian (1910-25) Siam aliatuen alde jarri zen Lehen Mundu-Gerran. Rama VII.a (1925-35) Siamgo azken errege absolutista izan zen, 1932ko estatu-kolpeak monarkia absolutua ezabatu baitzuen. 1938: Pibul Songgram militarrak boterea eskuratu eta politika nazionalista sustatu zuen (estatuak Thailandia izena hartu zuen). Japoniarren alde jokatu zuen Bigarren Mundu-Gerran. 1950: Bumibol Aduliadej errege bilakatu zen Rama IX.a izenaz. 1957-73: militarrak egon ziren agintean (Sarit Tanarat, 1957-63; Tanom Kittikatxorn, 1963-73), komunisten aurkako politika eta EEBBen aldekoa eginez. 1962tik aurrera gerrilla komunista garatu eta sendotu zen I-an eta 1973an militarren erregimena gainbehera etorri eta gobernu berria eratu zuten zibilek. 1976: armadak berriro eskuratu zuen aginpidea. 1979: Vietnamek Kanbodia inbaditu ondoren, errefuxiatu asko iritsi zen Thailandiara. 1980ko hamarkadan militarren esku jarraitu zuen botereak. 1991: kolpe militar baten ondoren, konstituzioa eta parlamentua ezabatuak izan ziren eta Anand Paniaratxun izendatu zuten lehen ministro. 1992: armadako jeneral batek irabazi zituen hauteskundeak. Urte hartan hauteskundeak egin ziren berriro ere; alderdi demokratikoak irabazi zituen eta Txuan Leekpai hautatu zuten gobernuburu. Honek 1995ean hauteskunde berriak deitu behar izan zituen. Orduan, Tai Garapen Frontea alderdiko Banharn Silpa Archa izendatu zuten gobernuburu.
Atzera