Birmania
(Pyidaungzu Myanma Naingngandaw). Asiako HE-ko estatua, Indotxinan. Mugak: I-an Txina; M-an India eta Bangladesh; H-an Bengalako golkoa eta Andaman itsasoa; E-an Thailandia eta Laos. Lurraldearen erdialdean mendiz inguratutako sakongune handi bat dago; beronen M-an Arakan mendiak eta E-an Kashin mendiak (6.000 m-tik gorakoak), Shan meseta eta Tenasserim mendikatea daude. Sakongunea Irawadi eta beronen adar den Chindwin ibaiek zeharkatzen dute. Saluen ibaiak Shan meseta zeharkatu eta oso arroila sakona osatzen du. Montzoiaren eraginpeko lurralde epela da. Nekazaritza (arroza) da ekonomiaren oinarria. Mendialdean baso-ustiapena (teka eta banbua) eta opioa dira oinarrizko baliabideak. Mandalay hiria berria eta kultur gune garrantzitsua da.
Historia. Aro kristauaren hasieran piu herri iritsi zen Irawadiren haranera eta Indiako zibilizazioa eta budismoa eraman zituen. 832: tai herriek suntsituta, piu zibilizazioa desagertu egin zen. IX. m.: mon herriak Pagango erresuma sortu zuen Birmania Beherean eta aldi berean, birmaniarrak Birmaniako erdialdean kokatu ziren. XI. m.: birmaniarrek erresuma bat antolatu zuten Pagan inguruan. 1287: Kublai Khan-en tropek Pagan konkistatu zuten. 1299: shan herriak Pagan erre zuen. 1347-1752: birmaniarrek erresuma antolatu zuten Toungoo hiriaren inguruan. 1539-41: birmaniarrek mon erresuma konkistatu zuten. 1752-1824: Konbaung dinastiako erregeek hirugarren inperio birmaniarra osatu zuten Ayuthia, Arakan, Manipur eta Assam konkistatuta. 1824-85: britainiarrek, hiru gerren ondoren, Birmania konkistatu eta monarkia abolitu zuten; Indiako inperioaren prob. izan zen. Britainiarren gehiegikerien ondorioz Birmaniako mugimendu nazionalista jaio zen. 1942-45: japoniarren esku egon zen, baina 1945ean aliatuek menpean hartu zuten. 1948: independente bilakatu eta U Nu lehendakari izendatu zuten. Karen eta kashin etniek borroka armatuari ekin zioten autonomia lortzeko; Alderdi Komunistak gerra iraultzaileari ekin zion. 1958: militarrek hartu zuten boterea. 1960: U Nu berriro lehendakari hautatu zuten. 1962: militarrek, berriz ere boterea hartu eta Ne Win izendatu zuten estatuburu. Gehiengo budistaren eta gutxiengo hinduista, musulman eta kristauen arteko tentsioek batetik eta gutxiengo etnikoek eta komunisten mugimendu iraultzaileak bestetik gerra zibila sustatu egin zuten. Honek krisi ekonomiko sakona eragin zuen. 1973: konstituzio berri bat onartu zen erreferendumez eta Birmania errepublika sozialista bilakatu zen. Militarrek boterean segitu zuten. 1981: San Yu jenerala estatuburu izendatu zuten, baina Ne Win-ek eutsi egin zion benetako botereari. Krisi ekonomikoak eta ikasleen mobilizazioek eraginda, San Yu eta Ne Win-ek dimititu egin zuten 1988an. Saw Maung jenerala iritsi zen boterera. 1989: estatuaren izen ofiziala aldatu egin zen: Myanmako Batasuna bihurtu zen. Hbru.aren izena ere aldatu egin zen: Yangon (lehen Rangun). Gehiengo birmaniar eta junta militarraren aurka borrokatzen diren gutxiengo etnikoek (arakan, karen, kashin, shan, mon, karenni, etab.ek) lurraldearen ia heren bat dute beren menpe. 1948an hasitako gerra zibil etengabeak sarraskiak eta milaka hildako eragin ditu. 1990: Aung San Suu Hyi bakezalearen alderdiak irabazi zituen hauteskundeak, baina armadak ez zituen haintzakotzat hartu. 1992: Than Shwe jenerala izendatu zuten junta militarreko buru eta erregimena pixka bat liberalizatzen hasi zen. 1995: militarrek Aung San Suu Hyi askatu zuten (sei urtez etxean arrestatua eduki ondoren).
Atzera