olmeka

iz. eta izond. Mexikoko golkoan finkaturik zeuden herrietako kidea; herri horiei dagokiena.
Olmekak, totonaka eta huastekekin batera, gaur egungo Veracruzen bizi ziren K.a. 1200-600 bitartean. Badirudi olmeken kultura nahuen eta maien kulturaren oinarri izan zela, hau da, kolonaurreko kultura aurreratuenen garapena bultzatu zuela Erdialdeko Amerikan. Beren zibilizazioaren urrezko aroa K.a. 1100-800 bitartekoa izan zen, eta eragin handia izan zuen Mexiko hiriko haranetik gaur egungo El Salvador errepublikaraino. Aurkitutako hilarrietako grabatuen arabera, maiek hobetu zuten idazkeraren asmatzaileak izan zitezkeen. Zenbatzeko sistema eta egutegia ere asmatua zuten. Aztarnetatik atera denez, olmeken gizartea konplexua zen, maila askotan egituratua, piramide gisa, herritarren artean desberdintasun handiak zeuzkatela. Arte-jarduera aberatsa zuten, eta arkitekturan bezala eskulturan ere lan garrantzitsuak utzi zituzten. Basoltozko harrietan egindako buru erraldoiak oso ezagunak dira, itxuraz gerlariak, bina metro eta gehiagokoak. Tres Zapotes eta La Venta dira arkitektura-gune garrantzitsuenak.




Atzera