piramide

iz. 1. Oinarritzat poligono bat eta alde triangeluarrak dituen poliedroa. 2. Delako poliedroaren forma duen objektu edo eraikina. 3. Oinarrian elementu asko eta gora joan ahala gero eta elementu gutxiago dituen multzo hierarkizatu baten irudikapen grafiko zein kontzeptuala. Soldaten piramidea. 4. ANAT. Beren formagatik izen hori hartzen duten zenbait egitura anatomiko eta histologiko. 5. ART. Zenbait kulturatan, piramide- edo piramide-antzeko forma duen monumentua. • adin-piramide edo populazio-piramide. Populazioaren adin eta sexuaren araberako banaketaren irudikapena. || giltzurrun-piramide. ANAT. Giltzurrunaren muina eratzen duten kono-formako egituretako bakoitza (Malpighiren piramide ere esaten zaio). || piramide ekologiko. EKOL. Piramide-formako diagrama grafikoa, ekosistemako organismo-kopurua, energi harremanak eta biomasa modu koantitatiboan adierazten dituena.
ART. Antzinako Egipton piramideak hilobi-monumentuak ziren eta Inperio Zaharrean (K.a. XXVII-XXII. m.) eraiki ziren nagusiki. Zaharrenak mailakatuak dira, baina ondorengoek oinarri karratua eta lau alde triangeluar dituzte, lau aldeok lau puntu kardinaletarantz begira daudela. Barruan gorpu-kamarak, bata lurpean eta bestea piramidearen erdian, sarbide-galeriak eta eguraste-kanalak dituzte. Faraoiaren gorpu momifikatua ehortzi ondoren, bere tresnak eta janariak bertan utzi eta itxi egiten ziren piramideak. Ezagunenak Joser-ena (zaharrena), eta Gizeh haraneko Keops, Kefren eta Mikerinos-enak dira, guztiak ere "Piramideen Zelaia" izeneko zabaldegian kokatuak, Kairotik hurbil. Kolonaurreko Erdialdeko Amerikan, berriz, maiek eta aztekek piramide bikainak eraiki zituzten. Egitura desberdinekoak diren arren, eskuarki mailakatuak eta goitik moztuak dira, gaineko plataforman tenplua dutenak, eta bertara iristeko eskailera egokiz hornituak. Hegoaldean, inkek ere antzeko piramideak altxa zituzten, eta aztarna ugari daude, Machu Picchukoak ezagunenak. Beste zenbait kulturatan ere eraiki izan dira piramideak, hala nola Indian eta khemer hirietan.




Atzera