kolonaurreko

izlag. Kristobal Kolon Amerikara iritsi (1492) baino lehenagoko zibilizazio, kultura edo arteari esaten zaio.
Kristobal Kolonek Amerika jo aurreko amerikartasunari esaten zaio kolonaurrekoa. Termino hau, ordea, bertako indiarrek garaturiko kulturari eransten zaio batez ere. Batzuk guztiz suntsitu eta desagertu zituzten kolonizatzaile espainol, frantses, portuges eta estatubatuarrek, hala nola siboneiak Kuban. Europarrak iritsi baino lehen inperio eta zibilizazio garrantzitsuak zeuden Amerikan, batez ere aztekena Mexikon, maiena Erdialdeko Amerika osoan eta inkena Peru aldean. Aztekak astronomo aurreratuak ziren, maiek kipu izeneko lokarrietan korapiloak eginik idazten zituzten kronikak, inken arkitekturaren aurri eder eta harrigarriak gelditu dira Machu Picchu mendian. Iparraldeko indiarrak, musugorriak, XIX. m.an izan ziren lurgabetuak eta hilak, eta XX. mendean alkoholean zabartu dira haien ondorengo bakanak. Hego Amerikako indiarrei dagokienez, zur eta meatze-konpainia boteretsuek Amazoniako indigenen genozidioan dihardute sistematikoki. Afrika beltzeko herri-pinturak XX. m.ko abangoardiak inspiratu zituen bezalaxe, kolonaurreko eskulturgintzak izan du eraginik Mendebaldeko artean. Egileak berak argitu zuenez, Oteizaren Arantzazuko Apostoluen friso ospetsuak badie zorrik Paskua uhartean aurkitu ziren eskultura erraldoi eta misteriotsuei.




Atzera