Peru
(República del Perú). Hego Amerikako estatua. Mugak: I-an Ekuador eta Kolonbia; E-an Brasil eta Bolivia; H-an Txile; M-an Ozeano Barea. Lurraldea hiru eskualde handitan dago banatua. Batetik kostaldea, han-hemenka oasi bakan batzuk dituen lur-zerrenda estu desertikoa da. Klima tropikala baina lehorra da alde honetan. Bestetik IE-ko oihanaldea, basoak estalitako lautada handia, Andeetatik E-ra; klima tropikal euritsua du. Hirugarrenik Andeetako eskualdea, goi-lautadez, haran sakonez eta mendi garaiez osatua (Huascarán, 6.768 m). Peruko Andeak I-tik H-rako hiru mendikateatan banatuta daude: Mendebaldekoa, Erdialdekoa eta Ekialdekoa. Hidrografiari dagokionean hiru isurialde bereizten dira: Barekoa, emari txikiko ibai laburrez osatua. Atlantikokoa, garrantzitsuena, ibai handi eta nabigagarriez osatua (I-an, Ucayalirekin elkartuta Amazonas sortzen duen Marañon da garrantzitsuena). Eta azkenik Titicaca aintzira handiko isurialdea. Aintzira 3.800 m-ko altitudean dago, Boliviako mugan. Ibai labur askoren urak jasotzen ditu. Peruko biztanle gehienak espainolen, bertako indiarren eta beltzen arteko nahasketen ondorengoak dira. Populazioaren % 55 kostaldean bizi da, Lima eta inguruetan batez ere. Nekazaritza (azukre-kanabera, kotoia eta arroza, artoa, mandioka, garagarra) da ekonomi jarduera nagusia, bertatik bizi baita beharginen herena. Abeltzaintza ere garrantzitsua da (behi-aziendak kostaldean; llama- eta alpaka-aziendak Andeetan). Arrantza, berriz, oso aberatsa eta arrantza-untziteria munduko handienetakoa du Peruk. Meatzaritzak ere garrantzia handia du ekonomian (kobrea, zilarra, urrea, beruna, zinka, banadioa, burdina, petrolioa). Industria, aldiz, gutxi garatua dago (ehungintza, elikagaigintza).
Historia. Peruko lurraldea zibilizazio ugariren kokalekua izan da, eta K.a. XII. milurtekoak dira historiaurreko lehen aztarnak. K.a. I. milurtekoaz geroztik zenbait kultura loratu zen: Chavin kultura (K.a. X. m.), Paracas kultura (K.a. VII-II. m.), motxiken kultura eta Nazca kultura (K.o. I-VIII. m.) eta Tiahuanaco eta Huari zibilizazioak (VIII-XII. m.). XIII. m.tik XVI.era inken zibilizazioa nagusitu zen eta egitura administratibo sendoa antolatu zuten; horren adierazle dira Machu Picchu eta Cuzco hirietako aurriak. 1532: Francisco Pizarro espainolak Cuzco hiria hartu eta Atahualpa inka hiltzeko agindu zuen. 1545: Potosíko zilar-hobiak aurkitu zituzten eta haien ustiatzearekin garrantzi handia hartu zuen lurraldeak. 1569-81: Peruko erregeordea izandako Francisco Toledoren eskutik sistema kolonialaren antolaketa eta meatzaritzaren egituratzea iritsi zen. Ordurako ia Hego Amerika osoa zegoen Peruko erregeorderriaren baitan, zeina garrantzia galduz joan baitzen, XVII. m.aren erditik aurrera zilar-ekoizpena murriztearekin batean. XVIII. m.an amerindiarrei egindako gehiegikerien ondoren matxinadak piztu ziren (Juan Santos 1742an eta Tupac Amaru II.a 1780-81ean) eta XIX. m.aren hasieran kreolen independentzi nahia bizkortu egin zen. 1821: San Mart'n jeneralak Peruko independentzia aldarrikatu zuen, baina harik eta Simón Bol'varrek espainolak guztiz menperatu zituen arte (Ayacuchoko guduaren ondoren, 1824), ez zen benetan abiatu burujabetasun-bidea. 1836-39: Peruk eta Boliviak konfederazioa osatu zuten. Ramón Castilla diktadorearen garaian (1845-51 eta 1855-62), guanoaren eta nitratoen ustiapenari esker, susperraldi berria ezagutu zuen Peruko ekonomiak. 1879-83: Txileren aurka, (Bareko gerra) borrokatu zen; haren ondorioz, Tarapaca eskualde oparoa galdu eta ekonomia lur jota gelditu zen. 1924: Herri-Aliantza Iraultzaile Amerikarra (APRA) alderdia sortu zen, bertako biztanleen eta iraultzaren aldeko alderdia hasieran. Mugimendu progresista honek, egin ahalak egin, ez zuen lortu oligarkia kontserbadorea boteretik kentzea, militarren esku batzutan eta erregimen liberalagoekin bestetan. 1968: Juan Velasco Alvarado jeneralak estatu-kolpea jo eta, Belaúnde Terry gobernutik kenduta, legebiltzarra deuseztatu eta erregimen militar populista ezarri zuen. Nekazaritzaren erreforma berria egin, meategiak, arrantza eta enpresa nagusiak nazionalizatu eta irakaskuntza bultzatu zuen. Kanpo-politikaren arloan SESB eta Kubara hurbildu eta estatu sozialistekin merkataritza-harremanetan hasi zen baina 1975ean armadako sektore atzerakoiak Alvarado kendu eta Francisco Morales Bermúdez jenerala jarri zuen agintean. Prozesu eraberritzailea geratu egin zen eta zenbait neurri deuseztatua izan zen (enpresak berriro pribatizatu ziren). 1979: konstituzio berria onartu zen eta hurrengo urtean Fernando Belaúnde Terry hautatu zuten lehendakari. Honek neurri progresisten ezabatzearekin jarraituz politika ekonomiko zorrotza ezarri zuen eta horrek ospe txarra ekarri zion herriaren baitan. Bide Argitsua gerrilla maoistaren ekintza armatuak ugaritu egin ziren 1980ko hamarkadan eta gobernuak setio-egoera ezarri zuen departamentu batzuetan. Armadaren esku hartzeak giza eskubideen bortxatzea eta populazioaren zapaltzea ekarri zituen etengabe. 1985: APRA alderdi jada kontserbadoreko Alan Garc'ak hauteskundeak irabazi eta lehendakari bilakatu zen. 1990: hauteskundeetan, APRA alderdiak Mario Vargas Llosa idazlea aurkeztu zuen lehendakarigai, baina Alberto Fujimoriren Cambio-90 alderdiak lortu zuen garaipena. 1992: Fujimorik, militarren laguntzaz, autokolpea jo zuen, legebiltzarra eta botere judiziala deuseztatu eta diktadura ezarriz.
Atzera