jota

iz. 1. Aragoi, Valentzia eta Nafarroako herri-dantza, eskualde bakoitzaren arabera musikan aldaerak dituena. 2. Dantza honen ezaugarri diren musika eta kopla.
Jotaren doinuaren jatorria ez da argi ezagutzen eta teoria desberdinak daude. Edonola ere, Nafarroara, Aragoitik barrena hedatzen hasi zen XIX. m. aren hasieran eta Erriberan sustraitu zen. Hortik, Nafarroaren erdialdera eta, zati batean, mendialdera ere igaro zen. Mendialdean jotak euskaraz, edo euskaraz eta gaztelaniaz, kantatzen ziren. Jotariek arropa zuria eta gerriko eta txapel gorriak janzten dituzte, eta gehienetan binaka bata bestearen aurrean jarrita dantzatzen badute ere, jota batzuk biribilean jarrita dantzatzeko ohitura ere badago. Kontraste handiko dantza da: erritmo bizkor eta arinarekin dantzatzen da, saltoka, eta kopla kantatzen den konpasetan dantzariak pausatu egiten dira. Nagusiki, 6/8 edo 3/4 konpasean idazten da eta batzuetan 6/4 konpasean ere bai. Aragoiko jotak edozein tonalitatean, baina betiere modu maiorrean idazten dira, Nafarroakoak aldiz, modu minorrean ere idazten dira.




Atzera