inka
iz. eta izond. Hego Amerikako antzinako herri amerindiar bateko kidea, kolonaurreko garaian inperio garrantzitsua sortu zuena; herri horri dagokiona.
Jatorriz inkak Titikaka aintziraren inguruko herrietako bat ziren. XIII. m.tik aurrera, eta bereziki espainolen konkistaren aurreko ehun urteetan, Andeen inguruko lurraldeetan inperio handia sortu zuten eta Cuzco izan zen gunerik garrantzitsuena. Inperioko buruaren boterea, hau da Inka edo Eguzkiaren Semearena, absolutua zen, eta noble eta apaizen kastek agintean laguntzen zioten. Inken inperioak XV. mendean lortu zuen goren maila, Francisco Pizarro espainolaren armadak suntsitu baino lehen (1532), Atahualpa azken Inka hilarazi zuenean. Egungo Ekuadorretik Argentinarainoko zabalera hartzen zuen Inkaren erresumak, eta gobernu-modu teokratikoa zeukan, zenbait aholkulari-talderekin. Kolektibismoan oinarrituriko nekazaritza garrantzitsua zuten eta 80 barazki-mota baino gehiago lantzen zituzten. Lana derrigorrezkoa zen guztientzat, eta biztanleria ayllu edo famili taldeetan biltzen zen. Antzinako beste herrien tradizio artistikoak bereganatu zituzten (zeramika, zilargintza, ehungintza). Garai honetako aurriak ugariak dira (Cuzco, Sacsahuamango gotorlekua, Machu Picchu, etab.). Arkitektura oso garatua zeukaten. Inken zibilizazioa egungo ketxua amerindiar herriaren historia mitikoa da, eta egundaino egin izan dituzte, gutxi edo gehiago, Limako boterearen aurkako matxinadak. Haien azken heroiak, Tupac Amaru, 1780an altxa zen Espainiako koroaren erregeorde zegoen Agustin de Jauregi baztandarraren aurka, esklabo beltzen askatasuna eta inken erresuma aldarrikatuz. Neke eta borroka handien ondoren atxilotu zuten. Tortura lazgarritan hilduratu eta bizirik zegoela beso-zangoak zaldiei loturik laurdenkatu zuten. Haren askazia, mendeetan zehar, sistematikoki izan da suntsitua.
Atzera