Kolon

Nabigatzaile eta konkistatzaileak. - Kristobal (Genoa?, ~1451 - Valladolid, 1506). Portugalen bizi izan zen (1476-84) eta ezkondu Felipa Moniz de Perestrellorekin. Mendebaldetik Ekialdera iritsi nahi zuen, baina alferrik eskatu zion laguntza Portugalgo Joan II.ari. Errege-erregina Katolikoek lagunduko ziotelakoan, Gaztelara jo zuen (~1484) eta, Isabelek ideia baztertu ez bazuen ere, esku hutsik itzuli zen. Bere proiektuarekin Genoa, Venezia, Frantzia eta Ingalaterran egin zuen ahalegina, baina alferrik. Gaztelara itzulita La Rabida-ko Antonio de Marchena fraidearen laguntzaz Santa Fe-ko kapitulazioak lortu zituen eta hauen bidez, berak aurkitutako lurralde guztietako almirante, erregeorde eta gobernadorea izango zen. Isabel erreginaren diru-laguntzaz itsasoratu, eta lehen bidaian (1492-93) Pinta, Ni-a eta Santa Maria karabelekin Palos-ko portutik atera (abuztuaren 3an) eta Guanahani uhartera iritsi zen (urriaren 12an). Kuba eta Hispaniola (g.e. Haiti) aurkitu zituen, eta azken honetan Amerikako lehen kolonia espainola fundatu zuen. Bigarren bidaian (1493-96) Cádiztik abiatu eta Antilla Txikiak, Guadalupe, Antigua eta Puerto Rico aurkitu zituen. Hirugarren bidaian (1498-1500) Sanlúcar de Barramedan itsasoratu eta Trinidad uhartea, Tobago eta Granada aurkitu zituen, eta kontinenteraino iritsi zen. Laugarren bidaian ere (1502-04) Sanlúcar de Barramedatik abiatu zen eta Honduras eta Panamaraino iritsi zen. Errege-erregina Katolikoei bidalitako gutunak eta bere bidai egunkariak Amerikako historiografiaren hasiera dira. Bera, Ekialdeko Indietara iritsi zelakoan hil zen eta oker hori da eskualde hartako biztanleei indiarrak deitzearen arrazoia. - Bartolome (Genoa, ~1461 - Santo Domingo, 1514), Kristobalen anaia. Hispaniolako gobernadore eta agintaria izan zen eta Santo Domingo hiria fundatu zuen. - Diego (Lisboa?, ~1478 - Puebla de Montalbán, 1526), Kristobalen semea. Aitaren eskubideak jarauntsi zituen eta 1509tik aurrera Indietako almirante eta erregeordea izan zen.



Atzera