Haiti

(kreoleraz Repiblik Dayti; fr. République d'Ha•ti). Antilletako estatua, Hispaniola uharteko M-an. Oso erliebe malkartsua du, kararrizko mendiez osatua. Klima tropikala. Basoak neurrigabe soiltzearen ondorioz basamortu bilakaturik dago. Meatzaritza (bauxita). Bizi-maila oso baxua da eta nekazaritzak ez du populazioa elikatzeko nahikoa ematen. Gehiegizko populazioak eta industrializazio-maila eskasak emigrazioa eragin dute.
Historia. 1492: Kolonek uhartea aurkitu zuen eta Hispaniola izena jarri zion. 1697: frantsesak uhartearen M-az jabetu ziren. XVIII. m.: azukre-kanaberaren eta kafearen hazkuntza zabaldu zen (biztanleen % 90 esklabo beltzak ziren). 1791: Toussaint Louverturek esklaboen erreboltako buruzagitza hartu zuen eta Pétion politikariak lagundu zion. 1795: Basileako itunaren ondorioz, Frantziak uharte osoa eskuratu zuen. 1804: Jean-Jacques Dessalines-ek frantsesak egotzi zituen eta bere burua enperadore izendatu zuen. 1806-18: Espainiak uhartearen ekialdea berreskuratu zuen eta mendebaldea bi zatitan banatu zen: I-an Enrike I.aren erresuma eta H-an Pétion-en errepublika. 1818-43: Jean-Pierre Boyer-ek Pétion ordezkatu eta estatua batu zuen (1822). 1847-59: Faustin Soulouque-k boterea hartu eta bere burua enperadore izendatu zuen, Faustino I.a izena hartu zuelarik (1847). Budua estatu-erlijio egin zuen eta mulatoen kontrako politika erabili zuen. 1859-1910: mulatoek bizitza politikoa zuzendu zuten. 1915-34: EEBBek estatuko garapen politikoa kontrolatu zuten eta tropak bidali zituzten. 1934-57: militarrek boterea hartu zuten eta egoera oso nahasia izan zen. 1957: François Duvalier-ek boterea eskuratu zuen. "Tonton Macoute"-ak izeneko milizian oinarritutako diktadura ezarri zuen. Budua berrezari zuen. 1971-86: Jean-Claude Duvalier-ek bere aita ordezkatu zuen. 1986-90: Militarrak (Namphy, Manigat, Avril) boterea eskuratzeko estatu-kolpeak jo zituzten. 1990: Avril-ek dimititu ondoren, Jean-Bertrand Aristide apaiz katoliko ezkertiarrak irabazi zituen hauteskundeak. 1991: militarrek estatu-kolpea jo zuten eta R. Cedras jeneralak hartu zuen agintea. 1994: Cedras-ek alde egin zuen eta Aristidek, EEBBetako armadak babestuta, boterea berreskuratu zuen. 1995eko hauteskunde legislatiboak Aristideren aldekoek irabazi zituzten eta 1996an René Preval izendatu zuten Errepublikako lehendakari.




Atzera