basamortu

iz. Uraren eskasia eta baldintza klimatikoak direla eta, oso populazio-dentsitate baxua duen eremu nahikoa zabala; Lurraren azaleraren heren bat estaltzen dute gutxi gorabehera.
Basamortuen ezaugarri nagusiak euri-eskasia eta lurrinketa handia dira, eta honen ondorioz animali zein landare-bizitza oso mugatua dago. Latitude baxuetako basamortuak, Sahara kasu, beroak eta lehorrak dira, prezipitazioak galarazten dituen faktorea beheranzko haize-korronteek eragindako presio altuak izanik. Latitude ertainetakoak, Gobi kasu, hotzak eta lehorrak dira, eta normalean mendi-lerroen babesean daude. Artiko eta Antartikoko basamortu polarrak berriz, izotzez eta elurrez estalita daude beti.
Basamortuko zorua ez da gai izaten klima-baldintza gogor horietara egokituta ez dauden landareei iraunarazteko. Ondorioz, haizeek eragindako higadura handia izaten da eta, gainera, higadura kimikoak harkaitzak xehatu eta hondar-ale fin bihurtzen ditu, elkarren gainean metatu eta muino antzeko dunak eratuz. Hala ere, asko dira basamortuan bizitzeko prestatuta dauden landare eta animaliak. Landareek euri-eskasiari aurre egiteko egokitzapen morfologikoak izan dituzte; kaktusak, esaterako, ura metatzen dute beren zurtoinetan eta oso sustrai hedatuak dituzte, ahalik eta hezetasunik gehiena bereganatzeko. Animali espezieak, berriz, ez dira oso ugariak (karraskari txikiak, basamortuko azeriak, gazelak eta gameluak aipa daitezke) eta hauek ere adaptazio espezifikoak jasan dituzte: izerdia mugatzeko adaptazio morfologikoak, gernua kontzentratzea ahalbidetzen duten adaptazio fisiologikoak edota portaerari dagozkionak.
Lurpeko urak azaleratzen diren basamortuko leku jakinetan landaredia hazi eta oasiak sortzen dira eta hauen inguruan populazio-guneak finkatu ohi dira. Arabiakoa bezalako basamortu batzuetan lur azpian mea eta petrolio-gordailu galantak daude; hori dela bide, eremu horiek ustiapen- eta zundaketa-leku garrantzitsu bihurtu dira.




Atzera