sustrai

iz. 1. BOT. Klorofilarik gabeko landare-organoa, ohiz beherantz hazten dena eta landarea finkatzen eta honek hazkunderako behar dituen ura eta gatzak zurgatzen dituena. 2. Beste batean finkatzen den gauzaren zatia. Hortzaren, ilearen sustraia. 3. (hed.) Oinarria, zimendua; jatorria, iturburua. Gaitza sustraitik erauzteko. • BOT. sustrai arrotz. Enbrioiaren erradikulatik edo sustrai nagusitik sortzen ez dena. || sustrai-nodulu. Ik. nodulu. || sustrai-txano. Sustraiaren meristemo primarioa babesten duen organoa eta sustrai-garapenaren norantzarekin ere zerikusia duena. • SUSTRAIAK EMAN, BOTA. Sustraitu.
BOT. Kimu batetik eratzen den lehen sustraia sustrai nagusia da; bere adarrei albo-sustrai esaten zaie. Zenbait espeziek ardatz-formako sustrai handi bakar bat dute, eskuarki beherantz hazten dena eta albo-sustrai ugari dituena. Beste zenbaitek sustrai barreiatuak dituzte, tamaina bertsuko sustrai mehe ugari.
Sustraiak hiru gune ditu. Sustrai-txanoaren gaineko meristemoaren aldean dagoen hazte-gunea meristemo-zelulez osatuta dago eta horiek bereiztuz sustraiaren gainerako ehunak eratzen dira (baita txanoarentzako zelula berriak ere). Luzapen-gunean zelulak ura zurgatuz hazi egiten dira. Azken horren gainean heltze-gune edo gune ileduna dago; sustrai-ile zurixkek estaltzen dute. Bertan zelulak bereizi egiten dira eta sustraiaren ehun iraunkorrak eratzen dituzte. Sustrai-ile bakoitza zelula epidermiko banaren proiekzioa da eta landarearentzako ura eta gatzak zurgatzen ditu.
Sustraia gune iledunaren parean zeharka ebakiz gero, kanpoaldetik hasita ondoko egitura ikus daiteke: sustrai-ileez osatutako epidermisa; ura eta gatzak garraiatu eta almidoia gordetzen duten zelulez osatutako azala edo kortexa; zurgatzen diren substantziak izerdira iritsi aurretik iragazten dituen endodermoa; eta erdiko zilindroa, landarea elikatzen duen izerdia eramaten duten basoen kokagunea.




Atzera